Gizartea -
Kontrabandako tabakoa
14 tona tabako konfiskatu dituzte Nafarroan, internet bidez saltzeko prest
14 pertsona atxilotu dituzte, hiru Foru Erkidegoan. Atzemandako materialak sei milioi euroko balioa du.
Agentziak | Erredakzioa
Guardia Zibilak eta Zerga Administrazioko Estatu Agentziak 14 tona tabako konfiskatu dizkiote Nafarroatik aritzen zen gaizkile talde bati. Antza, tabakoa internet bidez saltzen zuten, gero Estatuko hainbat probintziatan banatzeko.
Carmen Alba Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak prentsaurrekoan azaldu duenez, operazioan 14 pertsona atxilotu dituzte, horietako hiru Foru Erkidegoan (Orkoien eta Uharten). Gainerakoak, Ciudad Realen (4), Toledon (2) eta Caceresen (5). Honakoak atzeman dizkiete atxilotuei: pistola detonatzaile bat, tabakorria txikitzeko makina industrialak, pisatzeko, biltzeko eta banatzeko gailu ugari eta 33.000 euro esku dirutan. Konfiskatutako tabakoak sei milioi euro balio du.
Ikerketa 2017ko abuztuan abiatu zuen Guardia Zibilak eta 2018ko urtarrilean bukatu. Agenteek tabakorriz betetako bost pakete atzeman zituzten Nafarroako garraio enpresa batean, eta ikertzeari ekin zieten. Egiaztatu zutenez, Iruñerriko etxebizitza batera bidali behar zituzten. Bertan emakume bat, bere bikotekidea eta emakumearen semea bizi ziren.
Gaizkile 'sare oso bat'
Hiru pertsona horiek "tabakorria banatu, prozesatu eta erosten zuten gaizkile talde bat osatzen zuten". Tabakoa internet bidez saltzen zuten, sareko iragarkiak eta sare sozialen bidez.
Horrez gain, tabako produktore eta hornitzaile talde baten laguntza zuten, tabako xehea Gaztela-Mantxako eta Extremadurako probintzietan banatzen zutelarik.
Ciudad Realen bizi zen gizonezko batek legez kanpo lortzen zuen tabakorria, Cacereseko produktore bati eta Italiako enpresa bati erosita.
Behin tabakorria jasota, trasteleku eta etxebizitzetan ezkutatzen zuten. Gerora, tabakoa txikitzen zuten, "gehiago irabazteko".
Inongo osasun kontrol barik
Tabakoa "baimendutako saltokietan baino merkeago" saltzen zuten, eta bezeroak jasotzean ordaintzen zuen. Atxilotutakoek produktu "natural" moduan saltzen zuten, baina "inongo osasun arau" bete barik. Tabakorria inolako ardurarik gabe gordetzen zuten etxebizitza eta biltegietan, eta txikitzeko makinetatik, inongo etiketarik gako poltsetan sartzen zuten.