Gizartea -
15 eta 44 urte bitartean
Genero-indarkeria, munduko emakumeen artean heriotza arrazoi nagusia
Garapen bidean diren herrialdeetan egoera are larriagoa da, izan ere, emakume eta neskatoak ahulenak dira gizarte horietan.
Erredakzioa
Genero-indarkeria heriotza arrazoi nagusia da munduko 15 eta 44 urte bitarteko emakumeen artean, minbiziak, malariak, zirkulazio istripuek eta gerrek, guztiek batera, eragindakoen aurretik, Osasunaren Mundu Erakundeko datuen arabera. NBEko Emakumeentzako Garapen Fondoa (UNIFEM) eskainitako datuak dira. "Pandemia" horri aurre egiteko kanpaina bat aurkeztu dute gaur.
Maria Jose Alcala emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko UNIFEMeko aholkulari nagusiak, Soraya Rodriguez Nazioarteko Lankidetzarako estatu-idazkariak eta Miguel Llorente genero-indarkeriaren aurkako Gobernuaren ordezkariak prentsaurrekoan azaldu dute ''Zure hitzak balio du: Emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko mundu baten aldeko astea'' kanpaina.
Ordezkari horiek azaldu dutenez, garapen bidean diren herrialdeetan egoera are larriagoa da, izan ere, emakume eta neskatoak ahulenak dira gizarte horietan. Horrela, Indian, adibidez, 22 emakume hil zituzten egunero 2007an, dotearekin lotutako arrazoiengatik. Bestalde, Guatemalan bi emakume hiltzen dituzte egunero gizonezkoek.
Gainera, 100-140 milioi neskatok eta emakumek ablazioa edo mutilazioa jasan dute, hegoaldeko Asian eta Sahara azpiko Afrikan batez ere. Bestalde, 15 segundo bakoitzeko emakume bati eraso egiten diote Sao Paulon (Brasil). Gatazketan, bortxaketen biktimak biderkatu egiten dira: 250.000 eta 500.000 emakume eta neskato bortxatu zituzten Ruandako genozidioan (1994) esaterako.