Gizartea -
M-8
Donostiako Udalak osteguneko greba feministarekin bat egiteko deia egin du
Hainbat elkarte eta entitaterekin batera, hainbat ekitaldi antoltu ditu Udaletxeak aste honetarako: norbere defentsarako tailerrak, besteak beste.
Agentziak | Erredakzioa
Ostegun honetan Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta antolatutako grebarekin bat egiteko deia egin du Duñike Agirrezabalaga Donostiako Udaleko Berdintasun zinegotziak, 'Emakumeak planto. Nosotras paramos' lelopean, "gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunarekin" amaitzeko helburuz.
Aste honetarako hainbat ekitaldi antolatu dituzten emakume-elkarteetako zein Gehituko ordezkariekin batera eskaini du prentsaurrekoa Agirrezabalagak. Donostiako Udalak osteguneko geldialdiak babestuko dituela berretsi du, alderdi guztien babesarekin (PSE, Irabazi, PP eta EH Bildu; EAJ abstenitu egin da) onartutako Adierazpen Instituzionalean agerian geratu den moduan.
Gainera, Donostiako Berdintasun Batzordeak ere grebarekin eta geldialdiekin bat egiten duela azaldu du. Deialdia ez dela greba "arrunta" argitu du, "feminista eta egunero bereizkeria jasaten duten duten emakumeena" baizik.
Hala, lan geldialdiez gain, herritarren greba eta kontsumo arlokoa ere deitu dutela azpimarratu du. Horrenbestez, jarduera ugari antolatu dituzte ostegunean 12:00etan; 20:00etan, berriz, manifestazioa abiatuko da Boulevardetik.
Triptikoa
Udalak triptiko batean jaso ditu martxoaren 8a dela eta hainbat elkartek antolatutako ekimenak: asteartean, adibidez, hitzaldia izango da Emakumeen Etxean, Ekuadorreko nekazari talde baten eskutik. 'Huerta del mundo, tomar la palabra tejer mi vida' proiektua aurkeztuko dute.
Halaber, norbere defentsa feminista lantzeko bi ikastaro prestatu ditu Berdintasun sailak. Maitena Monroyk emango du lehena martxoaren 10ean, gaztelaniaz; eta Emaginek bigarrena, martxoaren 24ean, euskaraz. Izen-emateak Emakumeen Etxean egin ahal izango dira.
Azkenik, hiriko Haurtxokoetan eta Gaztelekuetan ere emakumeen borrokaren historiari buruzko jarduerak antolatu dituzte.