Gizartea -
GREBA FEMINISTA
Donostiako Asanblada Feministak hainbat ekintza antolatu ditu martxoaren 8rako
Besteak beste, Amaratik Erdigunera egingo den 'bizikleta saio desobedientea', 'taperfesta' Gipuzkoa plazan, eta itxiera jaia Guardetxen antolatu ditu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Donostiako Asanblada Feministak egitarau zabala antolatu du martxoaren 8ko deituta dagoen greba feministaren harira. Lanean, hezkuntzan, zaintzan eta kontsumoan eragina izateko asmoz sortutako deialdia da, "egungo sistema patriarkatuak emakumeak zokoratu eta kontsumorako objektu" bihurtzen dituela salatzeko.
Antolatutako ekintza horien guztien artetik nabarmentzekoak dira, besteak beste, Amaratik erdigunera egingo den "bizikleta saio desobedientea", "taperfesta" Gipuzkoa plazan, kontzentrazioa, manifestazioa eta itxiera jaia Guardetxen.
Gaur goizean egindako prentsaurrekoan Donostiako Asanblada Feministak iragarri duenez, lanuzte deialdiarekin bat egingo du "argi eta garbi uzteko emakumerik gabe sistema honek ez duela funtzionatzen".
Halaber, grebarekin bat egiteaz gain, "ugalketa lanak" ez egiteko, erosketak ez egiteko ("lan esplotazioaren sinbolo" diren merkatalgune handietan bereziki), balkoi eta leihoetan mantalak zintzilikatzeko eta besoko morea jartzeko eskatu diete emakume donostiarrei.
Bestalde, "gizon aliatuei" eskatu diete beren gain hartu ditzatela "zaintza lanak", beren bikotekideen greba eskubidea defendatu dezatela, kontsumitzeari utz diezaiotela eta mugimendu feminista babestu dezatela egun horretako beren soldata erresistentzia kutxari dohaintzan emanez. Arratsaldeko mobilizazioetara joanez gero, ostera, bigarren planoan gelditzeko eta emakumeei agindurik ez emateko eskatu die.
EKITALDIAK
Donostiako Asanblada Feministako ordezkariek azaldu dutenez, goiz erdian "bizikleta saio desobedientea" egingo dute Amaratik erdigunera, gero etxeko langileak udaletxe parean egingo den kontzentrazioan parte hartzera deitu dituzte, eguerdian eserialdia egingo dute Boulevardean eta segidan performance bat Konstituzio plazan. Bazkalordurako "taperfest" bat antolatu dute Gipuzkoa plazan eta bazkalosterako, berriz, ginkana bat. Indarrak hartu ostean, zutabeak aterako dira hiriko hainbat tokitatik harik eta Boulevardean elkartu arte. Egunari amaiera emateko, itxiera jaia egingo dute Guardetxen.