Gizartea -

Ikerbasqueren ekimena

Zientzialariak Euskadira ekartzeko webgunea sortu dute

Science.careers.eu atariak ikertzaileentzat Euskadin dauden lan eskaintzak bilduko ditu eta helburua euskal eskaintza zientifikoari ikuspen handiagoa ematea da.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ikerbasque erakundeak, zientzia eta ikerketa sustatzeko Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, Science.careers.eu webgunea sortu du. Talentu zientifikoa erakartzeko, atariak ikertzaileentzat Euskadin dauden lan eskaintzak bilduko ditu. Isabel Celaa Hezkuntza sailburuak eta Fernando Cossio Ikerbasqueko batzar eragileko presidenteak aurkeztu dute webgunea eta, gaur egun, atariak 27 lanposturen berri ematen duela argitu dute. Gainera, dagoeneko postu horietarako 331 eskakizun jaso dituztela adierazi dute.

Webgunea ingelesez bakarrik dago, zientzialarien hizkuntza baita, eta hiru euskal unibertsitateek (EHU, Deusto eta Mondragon) eskaintzen dituzten ikerketa lanpostuen inguruko informazioa jasotzen du. Helburua euskal eskaintza zientifikoari nazioarteko ikuspen handiagoa ematea da eta, horrez gain, postu bakoitzerako hautagai kopurua handitzea. Horrela, azkenean aukeratutako ikertzailearen kalitatea hobetu nahi dute.

Cossiok azaldu du Ikerbasqueren helburua Euskadin sortuko den ikertzaile bakoitzaren postua "ahalik eta eraginkorrena" izatea da eta, horretarako, "onenak ekarri behar dira", esan du. Celaak, bestalde, 331 eskakizunetatik -iza baino ehun gehiago- Massachusetts Institute of Technologyko (MIT) eta Harvard Unibertsitatekoak jaso dituztela. Horrek "munduan ezagutzen gaituztela eta gure ikerketa eskaintza interesgarria dela esan nahi du", sailburuaren aburuz.

Horrez gain, sailburuak esan du webgune berriaren eskaintzak Euraxess atari europarrean ere azalduko direla. Horri esker, garatzen ari diren ikertzaileak eta Euskadin ibilbidea egin dezaketenak zeintzuk diren ezagutuko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea