Gizartea -

Jatorrizko deitura

Burgosko 'chacoli'aren aurka egingo du Eusko Jaurlaritzak

'Chacoli' jatorrizko izenarekin ardoa produzitzea bultzatuko du Burgosko Diputazioak. Beharrezko diren erakundeetara joko duela iragarri du Gasteizko Exekutiboak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

''Chacoli'' jatorrizko izenarekin ardoa produzitzea bultzatuko du Burgosko Diputazioak. Horren aurrean, txakolin sektorearen defentsan ekingo duela iragarri du Eusko Jaurlaritzak.

Burgosko agintarien erabakiak sortutako egoera aztertzeko Txakolinaren jatorrizko deituren hiru Kontseilu Arautzaileekin bildu ostean egin du iragarpena Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailak.

Bilera amaitu ostean egindako adierazpenetan, beharrezko diren erakundeetara joko duela iragarri du Gasteizko Exekutiboak, Burgosko Diputaziotik Nekazaritza Ministeriora. Era berean, Jaurlaritzak zaintza areagotuko du, izan ere, "Chacoli-Txakolina deitura tradizionala EAEko ardoei mugatua dago eta 607/2009 (CE) Araudiak babesten du". Horregatik, ezin daiteke EAEtik kanpo erabili.

Gizartearen onarpena

Arabako, Bizkaiko eta Getariako ardoek izandako onarpena aprobetxatu nahi du Burgosko ekimenak, Jaurlaritzaren ahotan.

Txakolinaren jatorrizko hiru euskal deiturak Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) argitaratuta daudela gogorarazi diete Gaztela eta Leongo eta Estatuko elikadura kalitate eta iruzurren kontrolerako arduradunei, "horregatik hitz hori erabili dezaketen jatorrizko deitura bakarrak dira".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea