Gizartea -
Elebitasuna
Euskara eta bretoiera Pariseko metroaren kartel informatiboetan
Bob Edme argazkilariak hartu du irudi bitxia Frantziako hiriburuko tren geltoki batean.
Erredakzioa
Pariseko metroko geltokietan euskaraz eta bretoieraz informazioa ematen duten zenbait kartel agertu dira, Le Journal du Pays Basque egunkariak bere paperezko edizioan argitaratu duenez.
Bob Edme argazkilariak hartu du irudi bitxia Frantziako hiriburuko tren geltoki batean. Frantziako Gobernuak ez du baieztatu Europako Hizkuntzen Gutuna, ondorioz frantsesetik at, hizkuntz gutxituek ez dute tokirik frantziar legedian, ezta administrazio eta zerbitzu publikoetan ere. Hala ere, Frantziako Konstituzioak ondare gisa hartzen ditu hizkuntz horiek.
Montparnasseko seinaleen ardura RATP enpresak duela esan dute SNCF trenetako ordezkariek. Ondorioz, tren konpainiak ez du euskarari tokia emateko urratsik eman.
Aurretik, euskarazko kartel informatiboak jartzea eskatu diote SNFCri herritarrek gutun eta protesten bidez, baina konpainiak ez du jaramonik egin orain arte.
Pariseko metroan, RATPko ordezkariek ere ez dutela ezer ulertzen aitortu dute. Ordezkari horien esanetan, "argazkilariaren muntaia bat da".
Hasierako harridura gaindituta fikziozko azalpen bat eman dute Pariseko metroko ordezkariek: "Batzutan gertatu da film bat egin dutela zinemagileek, kartelak aldatu eta ondoren hilabeteak behar dituzte berriz lehen bezala uzteko edo ez dute sekula erretiratzen".