Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Gizon bat atxilotu dute Bilbon komunetan emakumeak mugikorrarekin grabatzeagatik
Zubiarte merkataritza-zentroko komunetan eskuko telefonoarekin emakumezkoak grabatzen harrapatu dute 40 urteko gizonezkoa. Gainera, gazte batzuei eraso egin izana ere leporatu diote.
EITB.EUS
40 urteko gizonezko bat atxilotu du Ertzaintzak Bilbon, Zubiarte merkataritza-guneko komunetan bere sakeleko telefonoarekin emakumezkoak grabatzeagatik, Ertzaintzak jakinarazi duenez.
Gertaera joan den ostiralean jazo zen. Emakumezkoen komunetan zegoen gazte batek eskuko telefono bat ikusi zuen atearen gainean: komun barrua grabatzen ari zen. Gaztea komunetik atera zen, eta bere lagunek lagunduta, grabaketa hori egiten ari zen gizonezkoa atxikitzen saiatu zen. Horrek, ordea, aurre egin, eta ihes egitea lortu zuten.
Orduan, neskak oihuka hasi ziren merkataritza-zentroan, eta bertan zegoen beste gazte talde batek gizonezkoa harrapatzea lortu zuen.
Ertzainek ustezko erasotzailearen sakeleko telefonoa miatu dute, eta komunetan grabatutako hainbat bideo aurkitu dituzte. Ondorioz, atxilotu egin dute. Gazteak, berriz, osasun zentro batean artatu dituzte, eta horietako hiruk salaketa aurkeztu dute.
Ertzaintzak ikerketa zabaldu du, biktima gehiago egon daitezkeelako.
------------------------------------------------
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.