Gizartea -
BORROKA
Gizon bat atxilotu dute Getxon, beste bati erasotzea eta labanaz mehatxatzeagatik
Igande arratsaldeko seiak aldera gertatu zen erasoa Algortako plaza batean, eta borrokan nahastutako batek aurpegian zauria egin zuen.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ertzaintzak 47 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo Getxon, beste bati erasotzea eta labanaz mehatxu egitea leporatuta.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar bidez jakinarazi duenez, igande arratsaldeko seiak aldera gertatu zen erasoa Algortako plaza batean. Iturri horren arabera, lekuko batek Ertzaintzari deitu zion borroka bat gertatzen ari zela eta parte-hartzaileetako batek labana bat atera zuela ohartaraziz. Ertzainak erasoaren tokira bertaratu ziren eta gizonezko batek aurpegian zauria zuela ikusi zuten.
Zaurituak ertzainen aurrean salatu zuenez, kolpeak eman aurretik labana batekin mehatxu egin zion. Are gehiago, bularraren parean ebaki bat egin zion jakan.
Ustezko erasotzailea inguruan zebilen oraindik eta ertzainek atxilotu egin zuten, lesio eta mehatxu delituak leporatuta. Atxiloketaren unean, labana oraindik gainean zeraman.