Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
37 urteko gizon bat atxilotu dute Abadiñon, bikotekideari aurpegian jotzeagatik
Emakumea herriko anbulatorioan artatu zuten eta senarra epailearen esku jarri dute asteazken honetan.
Agentziak | Erredakzioa
37 urteko gizon bat atxilotu zuten asteartean, bere etxean, Abadiñon (Bizkaia), bikotekideari aurpegian jotzea egotzita, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Asteartean, 22:20 aldera, emakume batek abisua eman zion Ertzaintzari. Abadiñoko Muntsaratz auzoan, senarrak etxean eraso egin ziola azaldu zuen biktimak.
Patruila bat bertaratu zen, biktimaren testigantza jaso eta haren senarra atxilotu zuen, genero indarkeria delitu bat leporatuta. Emakumea herriko anbulatorioan artatu zuten eta senarra epailearen esku utzi dute asteazken honetan.
Udalak erasoa gaitzetsi eta elkarretaratze bat deitu du
Bestalde, “emakumeen aurkako indarkeria ororen eta eraso honen aurrean erabateko arbuioa” azaldu du Abadiñoko Udalak. Emakumeari erabateko babesa adierazi dio eta Udaleko baliabide guztiak eskaini dizkio.
Era berean, indarkeria matxista kasu hau gaitzesteko elkarretaratzea deitu du Udalak. Protesta ostegun honetan izango da, 18:30ean, Abadiñoko Muntsaratz auzoan (Kamiñopea kalean, Iñaki tabernaren aurrean).