Gizartea -

Gotzain-batzarrei

Pederastiaren aurka borroka egiteko gidak bidaliko ditu Vatikanoak

Apaiz pederasten kasuen inguruan "gogoeta egin" dute Aita Santuak eta mundu osoko 150 kardinalek, Vatikanoaren esanetan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Apaiz pederasten kasuei "eraginkortasunez eta guztiak batera" aurre egiteko munduko gotzain-batzar guztiei gidak bidaliko dizkie Vatikanoak. Era berean, pederastia kasuak salatu behar direla errepikatu du Vatikanoak.

William Levada kardinalak eman du neurriaren berri. Aita Santua mundu osoko 150 kardinalekin bildu da. Kardinalak asteburu honetan egingo den kontsistoriora joan dira. Bertan Benedikto XVI.ak "Elizako 24 printze" berri izendatuko ditu.

Bileran, apaiz pederasten kasuen inguruan, erlijio askatasunaren egoerari eta Erromara itzuli nahi duten anglikanoak Eliza katolikoan barneratzeari buruz "gogoeta egin" dute Aita Santuak eta kardinalek, Vatikanoaren esanetan.

Adingabeen aurkako sexu-abusu delituaren inguruan Eliza-araudi Kanonikoa gaurkotu beharra dagoela jakinarazi die kardinalei Levadak. Bestalde, gotzainek euren fededunak "gehiago babestu" behar dituztela errepikatu du Levadak.

Biktimak entzun

Biktimak "entzun eta babestu" behar direla azaldu dute kardinalek. Agintari zibilak lagundu behar dituztela gaineratu dute. "Haurrak eta gazteak babesteko konpromiso handiagoa" behar dela azpimarratu du Vatikanoak komunikatu baten bidez.

''Ryan'' eta ''Murphy'' txostenak iaz argitaratu zirenetik apaiz pederasten eskandaluak aztertzeko Aita Santua eta hainbeste kardinal biltzen diren aurreneko aldia da. Irlandako apaizen esku hamarkadetan zehar ehunka umek sexu-abusuak pairatu zituztela jakitera eman zuten txosten horiek, 1975etik 2004ra bitartean, Dublineko artxidiozesian batez ere.

Elizgizonen abusu kasu gehiago azaldu dira azken hilabeteetan, AEBetan, Alemanian, Austrian, Holandan, Belgikan, Britainia Handian eta Italian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea