Gizartea -
Osakidetza
Anbulatorioetan fisioterapeutak eta hagin garbitzaileak izatea aztertzen ari dira
Bestalde, psikologoak eta podologoak lehen arretako osasun zentroetara eramateko aukera baztertu dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Jon Darpon Osasun sailburuak iragarri duenez, lehen arretako osasun zentroetan fisioterapeutak eta hagin garbitzaileak izatea aztertzen ari da Osakidetza, errehabilitazioa eta odontologia zerbitzuak eskaintzen dituzten anbulatorioetan bitarteko gehiago izateko.
Darponek agerraldia egin du Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean, lehen arretako osasun zentroetan perfil berriak ezartzeko aukerari buruz azalpenak emateko.
Egun, lehen arretako zentroetan existitzen diren perfilak hauek dira: familia medikua, pediatra, erizaina, emagina, erizain-laguntzailea, administrazio-laguntzailea eta zaindaria.
Hala ere, Darponek zehaztu du zentro horietan psikologia, fisioterapia, podologia eta haginetako asistentzia ere eskaintzen dela, Osakidetzako beste sail batzuetara edota ospitaletako profesionalengana bideratuta bada ere.
Nolanahi ere, Darponek berretsi egin du anbulatorioetan fisioterapeutak eta hagin garbitzaileak izateko aukera aztertzen ari direla.
Hori bai, Osasun sailburuak argitu du, oraingoz behintzat, baztertu egin dutela psikologoak eta podologoak lehen arretako osasun zentroetara eramatea.