Gizartea -
Hizkuntza Politika
Euskara, Berlineko Expolingua Azokako protagonista
Eusko Jaurlaritzak lankidetza hitzarmen bat sinatu du; horren arabera, Alemaniako euskal zentroetako irakasleei formazioa emango diete eta ikastaroak egiteko diru-laguntzak emango dituzte.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak eta "Gernika Deutsch-Baskischer Kultuverein e.V." euskal zentroak euskara sustatuko dute Alemanian. Horretarako, lankidetza hitzarmen bat sinatu dute atzo, ostiralean, Berlinen hasi eta bihar bukatuko den XXIII. Expolingua Azokan.
Asteburu honetan, 30 herrialde ezberdinetako 200 gonbidatu izango dira Eusko Jaurlaritzaren erakustokian eta euskara ikasteko tailer bat antolatu dute. Hitzarmen horren arabera, Alemaniako euskal zentroetako irakasleei formazioa eta euren lanerako lagungarria izango zaien ikasmateriala emango diete eta ikastaroak egiteko diru-laguntzak emango dituzte.
Horrez gain, Freie (Alemania) eta Birmingham (Erresuma Batua) hirietako unibertsitateetan euskara eskolak emateko lankidetza hitzarmenak sinatu dituzte.