Gizartea -

Auzitegi Nazionala

Auzitegi Nazionalak espetxera bidali du Nafarroan atxilotutako ustezko jihadista

27 urteko gizonezkoa asteazkenean atxilotu zuten San Martin de Unx herrian, bere burua doktrinatzea eta erradikalizatzea leporatuta, eta ekintzaren bat egin zezakeela iritzita.

Atxilotua, asteazkenean, San Martin de Unx herrian. Argazkia: EFE
Atxilotua, asteazkenean, San Martin de Unx herrian. Argazkia: EFE

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak behin-behinean espetxera bidali du jihadismoarekin lotura izatea egotzita Nafarroako San Martin de Unx herrian atxilotutako 27 urteko gizona, Espainian ekintzaren bat egin zezakeela edo talde jihadistaren batekin gatazka gune batera joan zitekeela iritzita.

Ikertu gisa deklaratu ostean, bere burua doktrinatzea eta talde terrorista batekin kolaboratzea egotzita, terrorismo delitua leporatu dio epaileak.

Ikerketa 2015ean hasi zen, Auzitegi Nazionaleko 3 zenbakiko Instrukzio Epaitegi Zentralaren aginduz, eta Fiskaltzarekin batera koordinatuta, eta Guardia Zibilaren Informazio Zerbitzuak egin du.

Guardia Zibilak jakinarazi duenez, V.F.M. "erradikalizazio prozesu batean bete-betean sartuta zegoen", eta "Internet, sare sozialak eta txat aplikazioak erabiltzen zituen" horretarako.

Atxilotua une batetik bestera "gatazka guneren batera" joateko prest zegoen, "talde terroristaren batekin bat egiteko", edo ekintza terroristaren bat egin zezakeen Espainian, eta horregatik egin zuten atxiloketa.

Atxilotu eta gero, agenteek bere etxebizitza miatu zuten, interneten bidez ustez egiten zuen legez kanpoko jarduerari buruzko informazioa hartu eta aztertzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Gaurko albisteak Nafarroan Jihadismoa