Gizartea -
Nafarroa
Hiru gazte atxilotu dituzte Nafarroan sexu erasoak egotzita
Foruzaingoak hiru gazte atxilotu ditu Nafarroan sexu erasoak egotzita, horietako bik, gainera, adin gaberi eraso egin diete. Erasoak Tuteran, Cintruenigon eta Iruñean gertatu dira.
Agentziak | Erredakzioa
Foruzaingoak hiru gazte atxilotu ditu Nafarroan sexu erasoak egotzita, horietako bik, gainera, adin gaberi eraso egin diete.
Alde batetik, 19 urteko gizon bat atxilotu dute Tuteran adin txiki bati sexu erasoa leporatuta, biktimak eta horren gurasoak salaketa jarri ostean. Gizona epailearen aurrean jarri dute eta urruntze agindua ezarri dio epaileak, Foruzaingoak jakinarazi duenez.
Bestetik, Cintruenigon, 18 urteko gazte bat atxilotu dute bikotekide ohiari sexu erasoa egiteagatik, biktimak urruntzeko agindua eskatu eta gero.
Azkenik, Iruñean, Ansoaingo 27 urteko gizon bat atxilotu dute adin txiki batekin sexu harremanak koitoraino izateagatik. Neskatoaren aitak polizia-etxean salaketa jarri zuen eta babes neurriak eskatu zituen nerabearentzat 16 urte baino gutxiago baititu.
________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.