Gizartea -
DELITUAK
Eraikitzen ari ziren etxeetan lapurreta egiten zuen taldea desegin dute Gipuzkoan
Gas-galdarak eta elektrotresnak osten zituzten. Bi pertsona atxilotu dituzte Irunen, eta 200.000 euroko balioa zuten lapurretak egitea leporatzen diete, besteak beste.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eraikitzen lanetan, obretan, zeuden etxebizitzetan lapurreta egiten zuen talde kriminala desegin du Ertzaintzak Gipuzkoan. Gas-galdarak eta elektrotresnak lapurtzen zituzten, eta gutxi gorabehera, 200.000 euroko balioa zuten gailuak ostu dituztela kalkulatzen du Ertzaintzak. 'Eraiki' izeneko operazioa dela eta, bi lagun atxilotu dituzte Irunen.
2016ko azarotik 2017ko maiatzera aritu omen zen taldea, gutxienez, herri hauetako 15 obretan: Asteasun, Hernanin, Donostian, Azpeitian eta Lezon Gipuzkoan; Bilbon, Sopelan eta Berangon Bizkaian; Burlatan eta Uharten Nafarroan, eta Castro Urdialesen (Kantabria).
Ikertzaileek uste dute Estatu osoan aritzen zen talde handiago bateko partaide zela talde hau.
Bost lagunek osatuko lukete taldea: ostegun goizean Irunen atxilotutako 40 eta 42 urteko bi gizonek (lapurretetan parte hartzea, ibilgailuak eta telefonoak lortzeak, eta Euskal Herritik kanpora bizi ziren kideei alojamentua lortzea leporatzen diete) eta beste hiru lagunek.
Horietako bat Salamankako kartzelan dago iazko urritik, antzeko delituak leporatuta, eta hori dela eta gelditu zirela lapurreta uste du Ertzaintzak. Beste biak indentifikatuta daude, baina ez atxilotuta, euren jatorrizko herrialdeetan baitaude.