Gizartea -
Catania, Sizilia
Italiak Open Arms itsasontzia atxiki du, legez kanpoko immigrazioa sustatzea egotzita
ProActiva Open Arms GKE katalanaren itsasontzia da. Larunbatean 216 pertsona eraman zituen Siziliako portu batera. "Legez kanpoko immigrazioa sustatu eta nazioarteko itunak urratzea" leporatu diote.
agentziak | erredakzioa
Cataniako Fiskaltzak ProActiva Open Arms GKE katalanaren Open Arms itsasontzia atxikitzeko agindua eman du, larunbatean 216 pertsona Siziliako Pozzallo portura eraman eta gero.
Carmelo Zuccaro Cataniako fiskalak Mark Reig itsasontziko komandantearen eta Anabel Montes misioaren koordinatzailearen aurkako ikerketa abiarazi du, azken erreskate horretan "legez kanpoko immigrazioa sustatu eta nazioarteko itunak urratu" izana leporatuta, hedabide italiarren arabera.
Itsasontzia Pozzallo Sizialiako kaian dago, aurreko larunbatean Libiako kostaldearen aurrean 216 pertsona bertan utzi zituenetik.
Zuccaro fiskalak entzute handiko akusazioa egin zuen iaz; horren esanetan, GKEek eta trafikatzaileek akordioak egiten zituzten pertsonak hartu eta emateko, eta dirua ere jasotzen zutela mafiengandik.
Asteburu honetan, Libiako kostazainen itsasontzi bat haiengana hurbildu eta erreskatatu berri zituen pertsonak eman ezean tiro egiteko mehatxua egin zion GKEari, Proactiva Open Armsek berak salatu zuenez. Ikerketa salaketa egin ostean abiarazi dute.
Gertaera Libiako uretatik kanpo jazo zen, Afrikako iparraldeko herrialdetik 73 bat itsas miliara (117 km), Oscar Camps GKEaren presidenteak Twitterren esan zuenaren arabera.
Bestalde, Italiako Kostazainen hitzetan, misioa Libia koordinatzen ari zen.
Halere, Efek larunbatean eskuartean izan zuen agiri batek dioenez, gizaldeko organizazio espainiarrari eta Libian pertsonak erreskatatzen dituzten beste erakundeei misioetan esku hartzea eta haien uretan jardutea egotzi zien Libiak, nahiz eta kostaldetik gutxienez 25 itsas miliara egoten diren.
Itsasontziak Italiako portu batean sartzeko baimena eskatu zuten, baina larunbat gauera arte itxaron behar izan zuten jasotzeko.
Espainiak Erroman duen kontsulatuaren eta Catanian dagoen kontsularen esanetan, itsasontziko kapitainarekin hitz egin dute dagoeneko, Italiako Kanpo Arazoetarako Ministroak Eferi baieztatu diotenez.
Rosa Emanuela Lo Faro da ikerketapean dauden kideen abokatua. Lo Faroren hitzetan, egindako delitu bakarra "elkartasuna" da, "inork ez baitu deliturik egiten pertsonak laguntzen dituenean".