Gizartea -
Uraren Mundu Eguna
Euskaldunen % 89k etxean jasotzen duten uraren kalitatea ona dela uste du
Biztanleriaren herena baino ez litzateke prest egongo kontsumitutako uragatik gehiago ordaintzera, urak kalitate hobea izateko.
Agentziak | Erredakzioa
Etxeetara iristen den uraren kalitatea ona edo oso ona dela uste dute euskaldunen % 89k, baina biztanleriaren herena (% 35) baino ez litzateke prest egongo kontsumitutako uragatik gehiago ordaintzera, urak kalitate hobea izateko.
Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak gaur goizean aurkeztu du Bilbon, Uraren Mundu Egunarekin bat, uraren inguruan Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoko Kabineteak egindako txosten bat. Euskadin, otsailaren 14aren eta 16aren artean, 18 urtetik gorako mila bat laguni egindako elkarrizketetatik atera dituzte ondoriok.
% 60k uste du ibai eta aintziren egoera hobea dela gaur egun duela 10 urte baino. Lurraldeen arabera, ibai eta aintziren bilakaeraren balorazio positiboagoa egiten da Gipuzkoan (% 67k hobetu dela uste du), Bizkaian (% 59) eta, batik bat, Araban (% 44) baino.
Bestalde, herritarrek ez dute arazo handirik ikusten uholdeekin (% 55k uste du arazoa ez dela oso larria edo ez dela batere larria) edo lehorteekin (% 72k); eta gehienek uste dute Euskadik nahikoa ur duela bere beharrizanei erantzuteko.
Hamar pertsonatik bederatzik (% 90) uste du Euskadik nahikoa ur duela bere beharrizanei erantzuteko. % 41ek uste du hala izaten jarraituko duela datozen 10 urtean, eta % 31k uste du ur-kopuruak behera egingo duela asko edo nahiko. Ordea, % 12ren ustez baino ez da Euskadin eskuragarri dagoen ura areagotuko datozen urteotan.
Gehienek (% 71) uste dute uraren kontsumo-maila arrunta dutela, baina gehienek uste dute, halaber, kontsumo-maila txikitu dezaketela beren bizi-kalitatea murriztu gabe (% 63), batez ere gazteenen artean.
Bestalde, euskal herritarren % 87 erabat ados (% 64) edo ados (% 23) dago kutsatzen dutenek gehiago ordain dezaten erabiltzen duten uragatik.
Gure ibaietan sortzen den kutsaduraren arduradun direnen harira, % 42k uste du enpresak direla arduradunak, % 15ek herritarrak oro har direla, % 10ek administrazioa eta % 2k nekazaritza eta abeltzaintza. % 26k, ordea, lau talde horiek batera direla arduradun uste du.
Galde-sorta bete duten pertsonen % 72k baieztatu du etxeko olioa birziklatzen duela, eta ia erdiak (% 46) erabiltzen ditu ingurumenarekin errespetuzkoak diren etxeko garbiketa-produktuak. Bestalde, % 17k paper-zati bustiak erabiltzen ditu, eta horietatik herenak baino pixka bat gehiagok komunetik behera botatzen dituzte (% 36). 30 eta 45 urte bitartekoek baieztatu dute gehien beren etxeetan paper-zati bustiak erabiltzen dituztela.