Gizartea -

Arkeologia

Ponpeia EHUko ikertzaileen babespean

IBeA ikerketa taldea bertako ondarea zaintzen laguntzen ari da biozida natural patentatu bat erabiliz.

IBeA ikerketa taldearen irudia Ponpeian. Iturria: EHU.
IBeA ikerketa taldearen irudia Ponpeian. Iturria: EHU.
IBeA ikerketa taldearen irudia Ponpeian. Iturria: EHU.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Herriko Unibertsitateko IBeA (Ikerkuntza eta Berrikuntza Analitikoa) ikerketa taldeak Ponpeiaren ondare artistikoa zaintzeko biozida natural bat patentatu du. Aztarnategi arkeologikoaren muralak hondatzen dituzten mikroorganismoak eta landareak agertzea eragozten du EHUko adituek sortu duten substantzia kimiko horrek.

Mortero erromatarra hondatzea ekarri duten eragile batzuk identifikatu dituzte, eta hondatze horri konponbidea ematea dute orain helburu. Horretarako, bere patentea probatuko du IBeA taldeak, aztarnategian jaiotzen diren landareen olio esentzialekin egindakoa. Beraiek espero dituzten emaitzak izanez gero, lan horiek hobeto kontserbatuko dira eta landareek eta mikroorganismoek kolonizatzea eragotziko dute.

EHUko ikertzaileek beste egitasmo bat dute orain: muralak zaharberritzeko mortero berezi bat sortzea. Ponpeia egin zutenean erabili zutenaren antzekoa izan behar da, harekin bateragarria izateko.

Pigmentuei dagokienez, ikertzaileek aztarnategiaren jatorrizko itxura berreskuratu nahi dute. Horretarako, hamar urte eman dituzte freskoetako pigmentuak eta eraikitzeko materialak ikertzen eta aztertzen, punta-puntako teknologia erabiliz.

Maite Maguregui IBeA taldeko ikertzailearen arabera, “X izpien fluoreszentzian oinarritutako espektrometro eramangarria erabili dugu Ponpeiako muraletan okre gorriz (hematita) eta okre horiz margotutakoak bereizteko; izan ere, azken horiek gaur egun gorriak direla ematen dute”. Pigmentu horia Ponpeia suntsitu zuen sumendiaren erupzioaren eraginez gorritu zen.

Gutxienez hiru urte gehiago emango dituzte patente hori erabiliz ikertzen, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Ponpeiako Parke Arkeologikoak sinatutako hitzarmenari esker.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EHU Gaurko azken orduko albistea Zientzia albisteak Zientziaren hedapena zuzenean