Gizartea -

Emakumeen salerosketa

Hiru pertsona atxilotu dituzte Gasteizen lau emakume prostituitzera behartzeagatik

Kolonbiatik amarruen bidez ekartzen zituzten, eta behin Euskal Herrian, etxebizitza batean atxikita eta prostituitzera behartuta edukitzen zituzten.

EITB.EUs

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak hiru pertsona atxilotu zituen joan den astean Gasteizen, sexu esplotazioa helburu emakumeen salerosketa delitua egotzita. Segurtasun Sailak ohar batean azaldu duenez, biktimak prostituitzera behartzen zituzten, mehatxuak eta bortxa erabilita.

Gasteizko etxebizitza bati susmo txarra hartu zioten Ertzaintzaren Pertsonen kontrako Delituen Arloko kideek. Prostituitzera behartzen zituzten emakumeak atxikita zituztela uste zuten agenteek. Abiatutako ikerketari esker egiaztatu ahal izan zutenez, bikote batek hiru emakume kolonbiar zituen giltzapetuta etxebizitza horretan.

Biktimak etxeko lanetarako edota adineko pertsonak zaintzeko iragarkien bidez erakartzen zituzten, Kolonbian. Behin Euskal Herrira ekarrita, sarearekin zuten zorra ordaintzeko prostituitzera behartzen zituzten.

Drogatzera ere behartuta

Gaizkile taldeko kideetako batek, emakumeen ahultasuna baliatuta, sexualki esplotatzeaz gain drogak eta alkohola kontsumitzera behartzen zituen, bezeroek gehiago gastatu zezaten.

Biktimei euren familiei kalte edo min egingo zietela egiten zieten mehatxu.

Egoera itogarria bihurtu zenean, martxoaren 11n, bahitzaileak kanpoan zirela baliatuta, hiru biktimek ihes egin zuten logelako giltzarrapoa apurtu ostean.

Emakumeetako batek etxebizitzara bueltatzea erabaki zuen handik gutxira, eta bikotea topatu zuen han. Jipoitu eta berriro giltzapetu zuten.

Erasoaren berri izan zuen Ertzaintzak, eta etxebizitzara bertaratu zenean, bikotekideetako bat —emakumea— atxilotu zuen. Gizona handik gutxira atxilotu zuten, Gasteizko erdiguneko kale batean, beste etxebizitzara zihoala. Han topatu zituzten ihes egindako beste bi emakumeak.

Laugarren biktima bat ere aurkitu ahal izan zuen Polizia Autonomikoak. Antza, ihes egitea lortu zuen eta Gipuzkoan zegoen.

Ondoren, martxoaren 13an, hirugarren atxiloketa bat egin zuten agenteek, sarearekin zerikusia zuelakoan.

Atxilotutako hirurak,  35 eta 48 urte artekoak, aske utzi ditu epaileak, epaiketaren zain.

________________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erdekidegoko Polizia Tratu txarrak Espainian Arabako berriak Gasteiz Genero-indarkeriaren biktimentzako laguntza Matxismoa gaur