Gizartea -

Inkesta

13.000 adinekok tratu txarrak jasotzen dituztela uste du Jaurlaritzak

Eusko Jaurlaritzak egindako ikerlanaren arabera, adinekoen %3k tratu txarrak jasotzen ditu EAEn.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaletak azterlan bat aurkeztu du gaur goizean Gasteizen, adinekoentzako tratu txarren prebalentziari buruzkoa.

Azterlan hori era horretako lehenengoa da Euskadin, eta, horren arabera, 60 urtetik gorako 5.000 pertsonek, (% 0,9, guztizko pertsona kopurua 542.188 dela aintzat hartuta), une honetan zaintzaileen -senitartekoak, normalean- tratu txarrak jasotzen dituztela adierazi dute.

Inkestatuek beren egoerari buruz duten pertzepzioaz haratago, elkarrizketen arduradunek tratu txarren susmoak atzeman dituzte kasuen % 1,5ean (8.133 pertsona).

Guztira, 13.000 pertsona egongo lirateke, gutxi gorabehera, elkarrizketatuak zein elkarrizketa-egileak atzemandako tratu txarren susmo-egoeren eraginpean.

Zenbait elementu aztertu dituzte, hala nola higienerik eza, etxebizitzaren bizigarritasun-arazoak, tristezia, antsietatea, familia-harreman txarrak edo beharrezkoak ez diren laguntza teknikoen gabezia.

Azterlanaren datuek "tratu txarren susmoak" baino ez dituzte aditzera ematen.

Tratu txarren tipologia aztertzean, txostenaren egileek adierazi dute inkestatuen erdiak baino gehiagok faktore psikologikoak aipatu dituztela; kasuen % 22an arduragabekeria aipatu dute, eta tratu fisiko txarrak aipatu dituztenak ere % 22 izan dira. Tratu ekonomiko txarren kasurik ez dituzte aurkitu.

"Adinekoek alor horretan tratu txarrik jasaten ez dutela adierazi badute ere, profesionalen ustetan, zalantzarik gabe, kulturazko edo konfiantzazko -edo, hobe esanda, konfiantza-abusuzko- arrazoi sendoak daude horren atzean, eta, horren eraginez, senitartekoek adinekoen dirua erabiltzen dutenean, adinekoek ez dute egoera hori tratu txartzat jotzen", zehaztu du Zabaletak.

Azterlanak aztertu ditu, halaber, tratu txarren susmoarekin zerikusia duten faktoreak. Ildo horretatik, emaitzak argiak dira: tratu txarrak jasotzen dituzten emakumeen ehunekoak gizonen ehunekoa bikoizten du.

Hala, tratu txarrak jasotzen dituztela diotenen % 72,6 emakumeak dira eta % 27,4 gizonak, hurrenez hurren. Litekeena da hori hala izatea, batetik, tratu txarrak jasotzen dituzten emakumeek gizarte- eta osasun-laguntzaren premia izateko aukerak handiagoak direlako, eta, bestetik, emakumeak ausartagoak direlako tratu txarrak salatzeko orduan.

Egoera zibilaren faktorea ere kontuan hartzekoa da: adineko banandu edo dibortziatuen artean gehiago dira tratu txarren susmoa dutenak, baita beren osasuna okerrago ikusten dutenen artean edo eguneroko bizitzako jarduera oinarrizko zein instrumentalak egiteko besteen mendetasun handiagoa dutenen artean ere.

Gainera, azterlanak zera erakutsi du, tratu txarren susmoa dutenek heziketa-maila txikia dutela, baita baliabide ekonomiko urriak ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea