Gizartea -

2011tik aurrera

Miren Gutierrez euskal kazetaria, Greenpeace Espainiaren buru berria

Juan Lopez Uralderen lekukoa hartuko du talde ekologistan, hark Equo alderdi berdearen buruzagi izateko kargua utzi ostean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Miren Gutierrez Almazor euskal kazetaria (Efe albiste-agentziaren korrespontsala izan zen Asiako hego-ekialdean) izango da Greenpeace Espainia erakunde ekologistaren zuzendari berria datorren urtetik aurrera. Juan Lopez Uralderen lekukoa hartuko du talde ekologistan, hark Equo alderdi berdearen buruzagi izateko kargua utzi ostean.

Ia hiru hilabetez luzatu den hautaketa prozesuan 200 hautagai baino gehiago izan dira Espainian bazkide gehien (100.000 baino gehiago) dituen talde ekologistaren zuzendari izateko. Azkenean, erakundetik kanpoko pertsona bat aukeratu dute, komunikazio alorrean esperientzia zabala duen hautagaia.

Greenpeaceko iturriek azaldu dutenez, Gutierrez Filologian lizentziatu zen eta Irakasle eskolak egin zituen EHUn, eta masterra eskuratu zuen Kazetaritza alorrean Nafarroako Unibertsitatean.

Miren Gutierrez 1990ean hasi zen korrespontsal lanean, Asiako hego-ekialdean, Korean eta Ozeano Barean. 1996 amaieran, Panamako Prentsaren Negozio Editore izendatu zuten eta bertan hainbat ikerketatan parte hartu zuen ingurugiroarekin lotuta.

Ikerketa horien harira, Kazetarien Babeserako Batzordeak "Prentsaren kontrako erasoak" txostenean sartu zuen Gutierrezen izena, 2000. urtean. Hiru urte geroago, Inter Press Service (IPS) ingurugiroarekin, giza-eskubideekin, gizarte zibilarekin eta garapenarekin lotutako nazioarteko albiste-agentziako zuzendari izendatu zuten. 2009 amaieran, MarViva fundazioan sartu zen Komunikazio buru gisa.

Euskal kazetariak Wall Street Journalen, UPIn eta Transparencia Internacionalen egin du lan, besteak beste, eta La ciudad de las cigarras benetako iruzur kasu bati buruzko liburuaren egilea da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea