Gizartea -

Donostian eta Gasteizen

Bi lagun atxilotu dituzte edukiontziak erretzea leporatuta

Ertzaintzak ikerketa abiatu du kale indarkeria ekintzak edo bandalismoa izan den argitzeko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak bi lagun atxilotu ditu gaur goizaldean Donostian eta Gasteizen hainbat edukiontzi erre eta kalteak eragitea leporatuta, Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez. Suteak Donostiako erdigunean eta Gasteizko Koroatzearen auzoan izan dira.

Donostian, Ertzaintzak 00:40 aldera jaso du abisua Peñaflorida kaleko zaborrontzi bat sutan zegoela ohartaraziz. Suhiltzaileek itzali behar izan dute sua.

Hortik gertu, Elkano kaleko etxe baten aurrealdean egiten ari diren obra batzuetako aldamioen gaineko plastikoa ere sutan zegoela konturatu dira eta minutu batzuk geroago, gizonezko bat ikusi dute kea zerion edukiontzi baten ondoan. Hori horrela, 33 urteko gizonezkoa atxilotuta eraman dute suteak piztea egotzita.

Atxilotuak aurrekariak ditu, izan ere, 2000. urtean ere atxilotu zuten, orduan, bonba mehatxu faltsua egin zuelako.

Beste kasua 02:30 aldera gertatu da Arabako hiriburuko Domingo Beltran de Otalora kalean. Sei bat zaborrontziri su eman diete eta garren tamaina handiaren ondorioz, ondoko etxebizitza batek kalteak izan ditu. Kalea moztu egin behar izan dute eta suhiltzaileen lana behar izan dute sua itzaltzeko.

Ertzaintzak gizonezko bat harrapatu du suteak piztu diren lekutik gertu eta likido sukoia zeramala ikusi dute. 38 urteko gizona epailearen esku utziko dute datozen orduetan.

Dena dela, Ertzaintzak ikerketa abiatu du bi kasu horiek kale indarkeriarekin zerikusia ote duten argitzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea