Gizartea -
Bizkaiko Lurralde-auzitegia
Bi pertsona zigortu dituzte, Leioatik mundu osora droga banatzeagatik
Erresuma Batuko gizon eta emakume bati sei urteko espetxe-zigorra ezarri diete. Sarea beste bi lagunekin batera osatu zuten, baina horiek ez dakite non dauden.
Agentziak | Erredakzioa
Bizkaiko Lurralde-auzitegiak Erresuma Batuko gizon eta emakume bati sei urteko espetxe-zigorra ezarri die, Leioako (Bizkaia) industrialde batetik mundu osora droga banatzeko sare bat osatzeagatik. Sarea beste bi lagunekin batera osatu zuten, baina horiek ez dakite non dauden.
Auzitegiko ebazpenaren arabera, bi akusatuak substantziak dosifikatzen eta eskariak prestatzen, merkaturatzen eta nazioartean banatzen aritu ziren gutxienez 2016ko ekainetik. Substantzia psikotropikoak ziren, osasunari kalte larriak eragiten dizkioten substantziak, alegia, eta Espainiako Botika Agentziaren baimenik gabe banatzen zituzten.
Erosleek substantziak Internet bidez eskatzen zituzten. Eskatutakoa postaz bidaltzen zizkieten atzerriko erosleei.
Etxebarriko postetxean 70 pakete susmagarri agertu zirenean, Guardia Zibilak 373 pakete atzeman zituen, horien barruan osasunarentzako oso kaltegarriak diren substantziak aurkitu zituzten.
Akusatuek Leioako Ibarabarri industrialdeko nabe bat erabili zuten. Ihes eginda dauden beste bi trafikatzaileek errentan hartu zuten.
Besteak beste, 1.135,612 gramo metilfenidato eta 517 LSD dosi atzeman zituzten, droga prestatzeko eta dosifikatzeko materialaz gain.