Gizartea -

Nazioarteko eguna

Hiesa eguneroko borroka dela aldarrikatzeko eguna da gaur

Gaixotasunaren kontrako elkarteen arabera, lan handia dago egiteko oraindik prebentzioan eta estigmatizazioaren aurkako borrokan. EAEn 9.000 pertsona daude kutsatuta, baina herenak ez daki.

Euskadi Irratia

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur, abenduak 1, hiesaren aurkako nazioarteko eguna da. Gaur da gaia bereziki hizpide, baina eguneroko kontua eta eguneroko borroka izan behar duela aldarrikatzeko eguna izango da gaurkoa. Gaixotasunaren kontrako elkarteen arabera, lan handia dago egiteko oraindik bai HIESaren prebentzioan eta baita estigmatizazioaren aurkako borrokan ere.

Euskal Autonomia Erkidegoan datu kezkagarriak daudela diote, izan ere, hiesaz kutsatutako 9.000 pertsona daude eta horietako hamarretik hiruk ez daki kutsatuta dagoela.

Eritasuna saihesteko tresnarik eraginkorrena preserbatiboa dela azpimarratu dute beste behin ere EHGAM, ACASGI, Harri Beltza eta Gehituko ordezkariek. Hiesaren aurkako nazioarteko eguna izanik, gogorarazi dute gaixotasuna gure artean dagoela

Azpimarratu dutenez, gaitzaren transmisio katea puskatzeko lehen urratsa froga egitea da. Beste datu bat ere eman dute: datorren urtean 200 kutsadura berri aurreikusi dituzte. Beraz, neurriak hartzeaz gain, heziketa sexual egoki baten beharraz ere hitz egin dute erakundeetako ordezkariek.

Donostian, kontzientziazioa bultzatzeko mahaiak osatuko dituzte goizean Bulebarren eta arratsaldean, berriz, elkarretaratzea egingo dute Kalkutako Teresa Plazan.

Bazterketa

Gaurko egunari begira, Jaurlaritzako Osasun Sailak bazterketaren kontrako ahalegin berezia eskatu du. Izan ere, datuek diote ikasleen guraso gehienek ez dutela batere atsegin beren seme-alabek ondoan hiesa duten ikaskideak edukitzea.

Uneotan kutsatuta dauden 9.000 pertsonen erdiak heterosexualak dira, % 30 gizonen arteko sexu-harremanak izan dituzte eta % 10 bakarrik dira droga erabiltzaile.

Normalizaziorako asko falta da oraindik. Adibidez, herritar gehienek oraindik prostituzio, droga kontsumo, promiskuitate eta homosexualitatearekin lotzen dute birusa.

Are kezkagarriagoa dena, hamar gurasotatik ia sei deseroso sentituko lirateke eskolan seme-alaben ondoan birusa duen haurren bat izatekotan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea