Gizartea -

Indarkeria matxista

Sexu-erasoen tipifikazioa aztertuko duela iragarri du Espainiako Gobernuak

'La Manada' taldeko bost gizonezkoei ezarritako epaiak gizartean eragindako haserrearen ondotik erabaki du Mariano Rajoyren Gobernuak Zigor Kodea aztertzea.

Iñigo Mendez de Vigo Espainiako Gobernuko bozeramailea. Artxiboko argazkia: EFE
Iñigo Mendez de Vigo Espainiako Gobernuko bozeramailea. Artxiboko argazkia: EFE
Mariano Rajoyren Gobernuak Zigor Kodea aztertzea erabaki du

1:18

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak jakinarazi du Zigor Kodean sexu-erasoen tipifikazioa eguneratu behar den ala ez aztertuko duela.

'La Manada' taldeko bost gizonezkoak sexu-abusuengatik, eta ez bortxaketagatik, zigortu zituzten atzo. Epai horrek gizartean eragindako haserrearen ondotik iritsi da Mariano Rajoyren Exekutiboaren erabakia.

Iñigo Mendez de Vigo Espainiako Gobernuaren bozeramaileak esan du sexu-erasoen harira "kontzientziazio eta sentsibilizazio handiagoa" dagoela egun eta, beraz, delitu horien inguruko hausnarketa bat egitea ezinbestekotzat jo du.

"Delitu horien tipifikazioa Felipe Gonzalezen agintaldian egin zen, 1995ean. Ordutik 23 urte igaro dira eta, zorionez, gizartean gauza asko onerako aldatu dira". Hori dela eta, "legeak egungo gizartera egokitzeko apustua egingo dugu", erantsi du.

Gauzak horrela, Rafael Catala Justizia ministroa Kodifikazio Batzorde Nagusiarekin bilduko da, sexu-erasoen tipifikazioa zuzena den edo eguneratu egin behar den aztertu eta erabakitzeko.

Nolanahi ere, edozein aldaketa egiteko denbora hartu behar dela azpimarratu du. "Aldaketak lasaitasunez egin behar dira eta talde politiko guztien adostasuna nahitaezkoa izango litzateke, lege organiko bat aldatzeaz ari baikara", azaldu du.

Bestalde, Mendez de Vigok esan du Espainiako Gobernua "beti" egon dela eta "beti" egongo dela biktimekin, eta, ondorioz, 2016ko sanferminetako sexu-erasoaren biktimari babesa agertu dio eta gertakari hura gaitzetsi egin du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Indarkeria matxista Delituak Gizartea Albisteak Matxismoa