Gizartea -

Europar Batasuna

Isunak legea hausten duten gidariengana heltzea nahi du EBk

Europako Batzordeak 2008ko martxoan proposamena egin eta Europako Parlamentuaren babesa lortu zuen, baina Estatu kideen artean ez zuen beharrezko babesik lortu.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estatu kide batean egindako arau urraketengatik igorritako isunak gidariengana heltzeko informazio partekatze mekanismo bat negoziatzen ari dira Europar Batasuneko (EB) herrialdeak.

Horrela, atzerrian semaforo bat gorrian pasatzeagatik, mozkor edo drogatuta gidatzeagatik, segurtasun uhala ez erabiltzeagatik edo abiadura mugak ez errespetatzeagatik isunak ez dira ordaindu gabe geratuko.

Hala ere, gaizki aparkatzeagatik jarritako isunak neurri berritik kanpo geratzen dira. EBko Garraio ministroak mekanismoa adosten saiatuko dira ostegun honetan, Bruselan.

Europako Batzordeak 2008ko martxoan proposamena egin eta Europako Parlamentuaren babesa lortu zuen, baina Estatu kideen artean ez zuen beharrezko babesik lortu, aplikatu beharreko oinarri juridikoaren inguruan adostasunik izan ez zelako.

Belgikaren proposamena

EBko txandakako presidentetza (Belgika) proposamen alternatibo batekin blokeoa amaitzen saiatu da. Proposamena lankidetza judizialean oinarritzen da.

Proposamenaren arabera, urraketa jazo den Estatuko agintariak gidariaren herrialdearekin harremanetan jarriko dira, horren nortasuna ezagutzeko eta gutun informatibo bat bidali ahal izateko, isunaren zenbatekoak gastu administratiboa gainditzen baldin badu behintzat.

Hala ere, Danimarka, Britainia Handia eta Irlanda bezalako herrialdeak lankidetza horretatik at geratzeko arriskuan daude, horretara beharturik ez daudelako.

Sistemaren eraginkortasunaren inguruan zalantzak dituzte estatu batzuk, eta abisua jaso ondoren, oztoporik jarri gabe, ordainduko duten gidariak oso gutxi izango direla uste dute.

Belgikaren proposamenak ostegun honetan babes nahikoa lortzen badu, ondoren Europako Parlamentuak onartu beharko du indarrean sartu ahal izateko.

Europako Batzordeak emandako datuen arabera, atzerriko gidarien urraketak % 25 dira eta oporretan % 40-50eraino igotzen dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea