Gizartea -
Ekitaldia
Bakean eta terrorismorik gabe bizitzea posible dela adierazi du Urkulluk Gernikan
Hiroshimako bonbaketaren ostean ernaberritu zen ginkgo zuhaitzaren kimua landatzeko Gernikan egindako ekitaldian hartu du parte lehendakariak.
Agentziak | Erredakzioa
"Gudaren aurkako eta munduko bakearen aldeko mezu indartsua" helarazi du gaur Iñigo Urkullu lehendakariak Gernikan igande honetan. "Bakean eta gerra zein terrorismorik gabe bizitzea eta elkarrekin bizitzea" posible dela ere adierazi du.
Hiroshimako bonba atomikoaren ostean berriz hazi zen Ginkgo Biloba zuhaitzaren kimua Gernikan landatzeko egindako ekitaldian hitz egin du Urkulluk. Kazumi Matsui Hiroshimako alkateaz gain, Jose Maria Goroño Gernikako alkatea, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea eta Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia izan dira.
Hiroshimako, Gernikako eta Granollereseko alkateak, Gernikan. Argazkia: @AytGernika
1936ko apirilaren 26an Gernika bonbardatu zutela 81 urte pasa direla gogoratzeko antolatutako agerraldian, Gernikako haritza eta Hiroshimako Ginkgo Biloba zuhaitza "senidetzearen esanahi sakona" nabarmendu du.
"Gerraren aurkako eta munduko bakearen aldeko mezu erradikala zabalduko dugu gaur elkarrekin", esan du lehendakariak, "bakean eta gerrarik zein terrorismorik gabe bizitzea eta elkar bizitzea posible dela" adierazteaz gain.
Gernikan eta Euskadiko beste hainbat herritan 1937an herritarren aurka egindako bonbardaketen injustizia azpimarratu ondoren, "gerraren aurkako eta munduko bakearen aldeko mezu erradikala" zabaldu du. Bonbardaketa horiek Hiroshiman asaldura eragin zutela aipatu du.
"Gernikako arbolaren ondoan kimu hau landatuz egingo dugu. 1945ean bonba atomikoa lehertu zen tokitik soilik 1.000 metrora zegoen Ginkgo Biloba bat landatuz", esan du. Gernikako arbolak "bakearen, demokraziaren eta proiekzio unibertsala duen askatasunaren ikur gisa duen esanahia" goraipatu du Urkulluk. Inoiz ez litzatekeela "indarkeria justifikatzeko erabili behar" azaldu du.
Bestalde, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak Gernikako arbolaren haritz-hosto bat eman dio Hiroshimako alkateari.
Juntetxea bisitatu ondoren, Gingko Biloba landatzeko ekitaldiari ekin diote, Europako Herrien Parkean. Herritarrak, Gernikako bonbardaketatik bizirik irtendako zenbait pertsona eta erakundeetako agintariak bildu dira.
"Bakearen ikurra"
"Igande honetan landatutako zuhaitza errotzeko konfiantza" duela helarazi du Kazumi Matsui Hiroshimako alkateak agerraldi labur batean, "Gernikako senidearen antzera, bakearen ikur" izan dadin.
Horrez gain, Jose Maria Goroño Gernikako alkateak "guda nuklear baten aurrean egoteko aukera oso handia dela" ohartarazi du. Halaber, hainbat herrialdek arma nuklearrak ez zabaltzeko ituna ez dutela betetzen salatu du.