Gizartea -
Atxiloketa
Gipuzkoan 24 etxebizitzatan lapurtu duen talde bateko burua atxilotu dute Bartzelonan
Talde kriminalari Euskal Herrian eta Katalunian 52 lapurreta egitea egotzi diote.
Agentziak | Erredakzioa
Etxebizitzatan lapurretak egiten zituen talde kriminal bateko burua atxilotu dute Esquadra Mossoek eta Ertzaintzak, Bartzelonan, elkarlanean arituta. Taldeari Euskal Erkidegoan, Iparraldean eta Katalunian 52 lapurreta egitea egotzi diote.
Ikerketa duela hiru hilabete abiarazi zuten, Gipuzkoan 2017ko azken seihilekoaren eta 2018ko lehen hilabeteen artean hainbat lapurreta eman zirela ikusi ostean. Ertzaintzak Gipuzkoan dituen Ikerketa Kriminaleko Zerbitzuko Agenteen Zerbitzuak hartu zuen ikertzeko lana, lurraldeko Ertzaintzaren hainbat polizia-etxerekin batera. Lapurretak honako herri hauetan izan ziren: Donostia, Hondarribia, Berastegi, Hernani, Urnieta, Oiartzun eta Irun.
Lapurren jarduteko moduak oso ezaugarri zehatzak zituen. Gauetan egiten zuten lan, gehienetan bizilagunak lotan zirela, eta leihoren batetik sartuta. Aldez aurretik leihoan probak eginda izaten zituzten, ixteko sistemara sartu ahal izateko eta erraztasunez desaktibatzeko helburuarekin.
Egindako ikerketei esker, Katalunian bizi den gizonezko bat aurkitu zuten, noizean behin Donostiara bidaiak egiten zituen, emakume batekin batera. Hotelen batean ostatu hartzen zuen, zazpi eta hamar egun artean irauten zuen bertan. Azken hilabeteotan Donostian bost aldiz izan zirela ikusi ahal izan zuten agenteek. Aldatzen joaten ziren pertsonak izaten zituzten alboan, eta lapurretak egiten laguntzen zieten.