Gizartea -
Aurkikuntza
Bizitza estralurtarra? Artsenikoan hazteko gai den bakteria bat
Ohiko fosfatoaren ordez, osagai toxiko bat hazteko eta bizitzeko erabiltzeko kapaz den lehen mikroorganismoa aurkitu dute zientzialariek.
Erredakzioa
Soilik artsenikoa erabiliz bizitzeko eta hazteko kapaz den bakteria bat topatu dute NASAko Astrobiologia Institutuko ikerlariek aurrenekoz, Menlo Parken (AEB).
Ohiko fosfatoaren ordez, osagai toxiko bat hazteko eta bizitzeko erabiltzeko gai den lehen mikroorganismoa aurkitu dute zientzialariek. Science Express atarian argitaratu dituzte lanaren emaitzak, Science aldizkariaren edizio digitalean.
Aurkikuntzari garrantzi handia eman dio NASAk, "Lurraz kanpoko bizitza topatzeko orduan eragina izango duelako".
Artseniko toxikoa
Bizidunentzako oso toxikoa izan ohi da artsenikoa, mekanismo metabolikoak hondatzen dituelako, baina kimikoki fosfatoaren antzeko jokabidea du.
Artsenikoa kimikoki aldatzen duten bizidunak aurkitu dituzte zientzialariek aurretik ere. Bangladesheko eta Asiako beste toki batzuetako lurpeko ibaietako kutsadura gertakariekin lotu dituzte bakteria horiek, izan ere, kolera saihesteko bizilagunak putzuko edo iturburuko ura erabiltzen hasten dira.
Artsenikoa fosforoaren ordez aldatzeko kapaz den bakteria bat aurkitu dute Felisa Wolfe-Simonek zuzendutako zientzialariek, bere DNAn artsenikoa barneratzera heltzen delarik. Gatzaren bakteria, Halomonadaceae familiako kidea da, eta bere jatorria Mono aintziran du, Kaliforniako laku toxiko eta gazia.