Gizartea -
Wikileaksen filtrazioagatik
AEBekin izandako kolaborazioa Fiskaltzan salatuko du Couso sendiak
Salaketa horrek, besteak beste, Candido Conde Pumpido Estatuko fiskal orokorra eta Maria Teresa Fernandez de la Vega Gobernuko lehen presidenteorde izandakoa aipatuko ditu.
Erredakzioa
Jose Couso Telecincoko kameralariaren sendiak Estatuko Fiskaltza Nagusiaren aurrean salaketa jarriko duela iragarri du. Horren bidez, Wikileaksek eta El Paísek zabaldutako dokumentuetan esaten dena ikertzea nahi dute. Couso 2003ko apirilaren 8an hil zuten Iraken.
Enrique Santiago sendiaren abokatuak azaldu bezala, salaketa datorren astean aurkeztuko dute eta bertan Fiskaltza eta AEBen artean egondako kolaborazioari buruz prentsan agertutako guztia aipatuko dute.
Santiagok aurretau duenez, bileretan eta aipatutako hartu-emanetan ustez parte hartutako pertsonen izenak aipatuko dira; besteak beste, Candido Conde Pumpido Estatuko fiskal nagusia eta Maria Teresa Fernandez de la Vega Gobernuko lehen presidente ordea izandakoa.
Sendia "erabat engainatuta" sentitzen da
Javier Couso hildako kameragilearen anaiak bera eta sendi osoa "erabat engainatuta" sentitzen direla adierazi du, batez ere Gobernuak eta epaitegiek izandako jarreragatik. Guztiek "maltzurkeriaz gezurra esan" zietela eta anaiaren "hiltzaileen ordezkariekin azpijokoan" aritu direla salatu dute.
"AEBetako nazionalitateak Espainiakoak baino garrantzi handiagoa du", esan du Cousoren anaiak.