Gizartea -
Nafarroa
Bi atxilotu eta 38 salaketa administratibo Urdazubin, kontzertu baten ondoren
Atxilotuei lesio-delitua eta aginteari aurre egin izana leporatu dizkie Foruzaingoak; beste 38 laguni, aldiz, Herritarren Segurtasunerako Legearen arau-hauste larriak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Foruzaingoak bi frantziar atxilotu ditu Urdazubin, borroka batean lesioak eragin izana bati egotzita, eta besteari desobedientzia eta aginteari aurre egin izana. Gainera, beste 38 laguni (ia guztiak frantziarrak ere) salaketa administratiboak jarri dizkie. Dantxarineko diskoteka batean izandako kontzertu batean ostean izan dira salaketak eta atxiloketak larunbat goizalde honetan. Gazteetako bati hiru salaketa jarri dizkiote gau osoan zehar, droga izateagatik.
Foruzaingoaren arabera, 38 lagun horiek Herritar Segurtasunerako Legearen arau-hauste larriak egin dituzte, hala nola, droga izatea (horietako 22), debekatutako armak izatea (horietako 9), desordena publikoak eragitea (horietako 4), agenteen aginteari desobeditzea (bakarra), eta Errepide Segurtasunerako Legearen bi arau-hauste oso larri (horietako bi: polizia-kontrol batetik ihes egin zuten, eta positibo eman zuten kalamuan).
Foruzaingoak ohar baten bidez jakitera eman duenez, Dantxarineko diskoteka batean izandako kontzertuaren inguruetan zaintza- eta kontrol-dispositiboak jarri dituzte, eta horietan egin dituzte, hain justu, polizia-ekintza guzti horiek.
Bi atxilotuek 18 urte dituzte, eta polizia-etxera eraman dituzte, dagozkion izapideekin jarraitzeko.
Jazoera larriena errieta bat izan da: biktima bi botilekin kolpatu dute eta, horren ondorioz, bi ebaki ditu, bata bekokian eta bestea masailalbo-hezurrean. Hasieran Urdazubiko osasun-zentroan artatu dute baina, geroago, Paueko Ospitalera eraman izan dute.