Gizartea -
Epaiketa
Lesbosen epaitutako Sevillako hiru suhiltzaileak absolbitu egin dituzte
Greziako kostazainek atxilotu zituzten 2016ko urtarrilaren 14ean, saiakera graduan pertsonekin trafikatzea leporatuta. Bi egun egon ziren atxilotuta.
Agentziak | Erredakzioa
Saiakera graduan pertsonekin trafikatzeagatik gaur Lesbosen epaitutako hiru suhiltzaile sevillarrak absolbitu egin dituzte kargu guztietatik, Proemaid Gobernuz Kanpoko Erakundeak Twitter bidez jakinarazi duenez. Manuel Blanco, Julio Latorre eta Quique Rodriguez 2016ko urtarrilaren 14ean atxilotu zituzten Greziako kostazainek, saiakera graduan pertsonekin trafikatzea leporatuta.
Sevillarrak errugabeak direla adierazi dute gaur goizean egindako epaiketan.
Beti arauak beteta eta agintariei itsasora noiz irtengo ziren aldez aurretik abisatuz lan egiten zutela azaldu dute.
Akusatuez gain, Rosa Aguilar Andaluziako Justizia eta Barne kontseilariak ere lekukotza eman du epaiketan, hiru funtzionarioen profesionaltasuna berresteaz gain, Proemaid erakundeak milaka pertsona salbatu dituela nabarmentzeko.