Gizartea -

Diputatuen Kongresua

Eutanasia despenalizatzeko atea, aurrenekoz zabalik

Ekimenari babesa emango diotela iragarri dute talde politiko guztiek, PPk, UPNk eta Ciudadanosek izan ezik. PP eta UPN aurka agertu dira. Ciudadanos, aldiz, abstenitu egingo da.

Diputatuen Kongresua. Argazkia: EFE
Diputatuen Kongresua. Argazkia: EFE
Diputatuen Kongresua. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eutanasia despenalizatzeko lehen pausoa eman du gaur Diputatuen Kongresuak. Kataluniako Parlamentuak Zigor Kodearen erreforma eskatu zuen lege-proposamen baten bidez. Kongresuko alderdi gehienek babesa eman diote ekimenari.

Talde politiko guztiek, PPk, UPNk eta Ciudadanosek salbu, ekimenari babesa emango diotela iragarri dute. Hala ere, datorren osteguneko osoko bilkuran bozkatu behar dute. PP eta UPN lege-proposamenaren kontra agertu dira. Ciudadanos, ostera, abstenitu egingo da, alderdi laranjako iturriek baieztatu dutenez.

Zigor Kodearen 143.4 artikulua erreformatzea eskatu zuen Kataluniako Parlamentuak, eutanasia eta suizidioaren laguntza despenalizatzeko. Lege-proposamena gaur eztabaidatu dute Diputatuen Kongresuan. Sufrimendu fisiko edo psikiko larria eragiten duen gaixotasun terminal edo sendaezina duen pertsona bati hiltzen laguntzeagatik erantzukizun penalik ez izatea arautu nahi dute.

“Beste baten suizidioa eragiten duenarentzako” 4 eta 8 urte arteko espetxe-zigorrak aurreikusten ditu Zigor Kodeak, baita 2 eta 5 urte artekoak “pertsona baten suizidiorako beharrezko ekintzetan” laguntzen duenarentzako ere. Lankidetza hori heriotza ondorio baldin badu, 6 eta 10 urte arteko zigorrak aurreikusten ditu Zigor Kodeak.

“Beste baten suizidioa eragiten duenarentzako” 4 eta 8 urte arteko espetxe-zigorrak aurreikusten ditu Zigor Kodeak

Nahiz eta ekimenari babesa eman, araudi batekin lagundu behar dela azpimarratu du Lidia Guinar PSOEko diputatuak; zentzu horretan, iragan astean sozialistek aurkeztutako lege-proposamena gogorarazi du.

Alba Verges i Bosch (ERC) hitzetan, eutanasiaren ikuspuntu sozialean aldaketa gertatu da; izan ere, gizartearen gehiengoaren babesa du. “Ikaragarri sufritzeko beldurrak hiltzeko ikararen tabuak baino indar handiagoa du egun”, azaldu du.

Bestalde, eutanasia Konstituzioan jasota ez dagoela argudiatu du Pilar Cortes PPko ordezkariak, medikuntzaren parte ez delako eta sendagile izatearen aurka doalako.

Gai honetan albora begira ez jartzeko eskatu dio Marta Sibina Unidos-Podemoseko diputatuak Ciudadanosi. Sibinaren esanetan, orain Kongresuak “neurria eman” behar du, eta “anomalia demokratiko bati amaiera eman”.

“Seriotasun eta kontu handiz” eutanasia despenalizatu behar dela uste du Joseba Agirretxea EAJko diputatuak; izan ere, “bizi ezin duelako” hil nahi duen pertsona bati laguntzeagatik inor zigortzerik ez dago. Horregatik, eutanasia arautu behar dela gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Eutanasia Gizartea Albisteak