Gizartea -

Bizkaia

Osasun Sailak 'sabotaje'tzat jo du 30 anbulantzia kiskali dituen sutea

Bizkaiko anbulantzia zerbitzuaren kudeaketa enpresa berri bat hartzera doanean jazo da nahita eragindako sutea.

Suteak 30 bat anbulantzia kiskali ditu. Argazkia: Iurretako Suhiltzaileak Twitter
Suteak 30 bat anbulantzia kiskali ditu. Argazkia: Iurretako Suhiltzaileak Twitter
Suteak 30 bat anbulantzia kiskali ditu. Argazkia: Iurretako Suhiltzaileak Twitter

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ambuiberica enpresako 30 bat anbulantzia erre dituen sutea "irmo" gaitzetsi du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, eta jazotakoa "sabotaje"tzat jo du.

Guztira, 30 anbulantzia kiskali dira ostiral honetan Arrigorriagako Atxukarro industrialdean izandako sutean. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 180 anbulantzia inguru zeuden aparkatuta leku horretan, eta 30 kiskali dira. Beste bostek kalteak izan dituzte.

"Ekintza hau sustatu dutenek erabateko arduragabetasuna erakutsi dute, eta euskal gizarteak onartu ezin dituen gizalegearen aurkako jarrera eta etika falta dute", esan du Osasun Sailak ohar baten bidez.

Gainera, gogoratu duenez, jazoera gertatu da enpresa berri bat Bizkaiko anbulantzia zerbitzua hartzera doanean. "Ambuiberica, sabotajea jaso zuen enpresa, Bizkaiko anbulantzia-zerbitzua kudeatzen hasiko da maiatzaren 13an hasita; orain arte zerbitzu hori Ambulancias Bizkaia Emerbaskek eskaintzen zuen", azaldu du.

Ambulancias Bizkaia enpresarekin zuten kontratua uztailaren 31an amaitu zen, eta arrazoi administratiboak direla medio, hainbat hilabetez luzatu zuten. Azkenean, lehiaketa publikoa egin ostean, Ambuibericari egokitu zioten zerbitzua.

"Langileen % 100a hartuko du enpresa berriak", azpimarratu du Osasu Sailak, "eta 350 langileen lan-baldintzak ez dira aldatuko".

Amaitzeko, Ambuiberica eta langileei elkartasuna adierazi die Osasun Sailak, eta lasaitasun mezua helarazi dio gizarteari, esanez anbulantzia-garraio zerbitzua bermatuta dagoela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Euskal Osasun Zerbitzu Publikoa Eusko Jaurlaritza albisteak Suteak bideoak Gizartea Arrigorriaga albisteak Gaurko azken orduko albistea Medikuntza albisteak