Gizartea -

Eguraldiaren iragarpena

Alerta egoera izozteengatik, hurrengo egunetarako

Orduak aurrera joan ahala, hodeiak desagertzen joango dira eta zerua oskarbi izango da hurrengo jardunaldietan. Tenperaturek behera egingo dute nabarmen.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur eguna bustitik hasi da eta ipar-ekialdeko haize fina dabilenez, nabarmen hoztuko du. Haize horrek, neguko tenperaturak itzuliko ditu eta gehienez 10 ºC-ko maximoak neurtuko ditugu. Arratsaldean atertuko du baina zerua lainotuta mantenduko da, soilik egunaren amaieran hasiko da hodei geruza saretzen. Elurraren maila 1300 m-ren bueltan egongo da, baina igo egingo da.

Ostirala eguzkitsu dator, baina hotz kontuekin jarraituko dugu. Ekialdeko haizeak erratzarena egingo du eta hodeiak desagerraraziko ditu. Gauean behe-lainoa sortuko da ohiko lautadetan baina eguerdirako jasoko du. Egunsenti hotza izango dugu, barnealdeko hainbat eta hainbat puntutan izotz mugara jaitsiko da termometroa eta gainera zenbait txokotan izotz handia botako du. Egunez, eguzkiak ez du larregirik goxatuko giroa eta barnealdean termometroak kostata igaroko du 5 ºC-ren muga.

Larunbatean ildo beretik jarraituko du eguraldiak, goizean goiz behe-lainoa egongo da zenbait puntutan, baina oro har, giro eguzkitsua espero dugu larunbaterako. Arratsaldean goi-mailako hodei finak sartuko dira, baina traba gutxi egin eta eguzkiaz goza ahal izango dugu. Hotzetik hasiko da eguna, izotza egongo da hainbat puntutan, baina eguerdirako, hego ukituko haizea ibiliko denez, gutxi bada ere gora egingo du tenperaturak eta giro goxoagoa izango dugu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea