Gizartea -
Hiriaren erdialdean
Etxebizitza bat hustu dute sute bat izan ostean, Gasteizen
Auzokoak hiriko hainbat hoteletara eraman dituzte eta kalteak handiak izan dira. Pertsona bat ospitalera eraman dute kea arnastu baitu.
Erredakzioa
Etxebizitza bat hustu behar izan dute Gasteizko erdialdean piztu den sute baten ondorioz; auzokoetako bat eskaileraz erreskatatu dute suhiltzaileek eta ospitalera eraman behar izan dute kea arnastu eta gero.
Kalte materialak handiak izan dira eta auzokideak hiriko hainbat hoteletara eraman dituzte.
Herrizaingo Sailak eta Suhiltzaileek Eferi jakinarazi diotenez, Gaztelako atea kaleko 2. zenbakiko eraikinaren teilatutik kea irteten ari zela jakinarazi die larrialdi zerbitzuei pertsona batek, 19:40ak aldera.
Suhiltzaileak bertaratu direnerako eraikineko teilatua sutan zegoen eta ke handia. Bost solairuko erakin horretako bizilagunak eskaileretatik atera dira, baina bosgarren pisuko auzokide bat harrapatuta geratu da eta kanpotik erreskatatu behar izan dute, eskailera batez baliatuta.
Azken hori ospitale batera eraman dute anbulantziaz, kea arnastu baitu. Suhiltzaileek gaur, ostirala, ekingo diete sutea nola piztu zen argitzeko eta kalteak zehazteko lanei.