Gizartea -
Kontrolatzaileen krisia
Aire-lineentzako zigorrak eskatu ditu FACUAk tratu txarra emateagatik
Kontsumitzaileen elkartearen arabera, hainbat aire konpainiek ez zituzten kontrolatzaileen lanuzteak kaltetutako bidaiariak legeak agintzen duenaren arabera lagundu.
Erredakzioa
Iragan jaiegunetan hegaldiak bertan behera utzi zituzten aire konpainia guztien inguruko ikerketa zabaltzea eskatu dio FACUA kontsumitzaileen elkarteak Sustapen Ministerioari. Kaltetutako bidaiariei Europako arauen araberako laguntza eman ez izatea leporatzen die FACUA-Consumidores en Accion elkarteak, eta zigorrak eskatu ditu.
Azken egunotan FACUAren laguntza eskatu duten milaka erabiltzaileen artean, "bidaiari askok aire-lineek ez zietela janaria, edaria, lo egiteko lekua edo garraiobiderik eskaini adierazi dute", 2004.eko otsailaren 11ko Europako Parlamentuko eta Batzarreko 261/2004 Araudiak agintzen duen bezala.
FACUAren arabera, bidaiariei inork ez zien azaldu "behar izanez gero, hoteletan lo egiteko eskubidea zutela, konpainiek ordainduta", ezta bidaiak ordezko garraiobide batean egiteko eskubidea ere bazutela.
Horrez gainera, FACUAk iragan ostiraleko lanuztean parte hartu zutenen aurka kartzela zigorrak eskatuko dituela iragarri du.