Gizartea -
Unibertsitate ikasketak
22 unibertsitate-titulazio dual izango dira Euskadin datorren ikasturtean
EHUko, Mondragon Unibertsitateko eta Deustuko unibertsitatean eskainiko dituzte. Ikasleek enpresetan ordaindutako praktikak egingo dituzte unibertsitatean ikasten duten bitartean.
agentziak | Erredakzioa
EAEko unibertsitateek 22 titulazio dual eskainiko dituzte 2018-2019 ikasturtean. EHUko, Mondragon Unibertsitateko eta Deustuko unibertsitatean eskainiko dituzte 15 gradu eta 7 master. Ikasleek enpresetan ordaindutako praktikak egingo dituzte unibertsitatean ikasten duten bitartean.
Guztira, 371 plaza izango dira ikasketa mota honetan, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak eta Eva Ferreira Unibasq – Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziako zuzendariak prentsaurrekoan azaldu dutenez.
Mondragon Unibertsitatean hamar gradu eta bost master eskainiko dituzte, 157 ikasleri. Ingeniaritza ikasketekin zerikusia dutenak dira gehien bat, baina, esaterako, Enpresa-zuzendaritza, Teknologia Biomedikoak eta Produktu eta Zerbitzuen Diseinu Estrategikoarekin zerikusia duten titulazioak ere eskainiko dira.
EHUn, berriz, lau gradu eta bi master eskainiko dituzte, 157 ikasleri. Automobilgintzaren Ingeniaritzako graduan edo Prozesu eta Produktuen Berrikuntzaren Ingeniaritzako graduan, zein Multimedia Kazetaritza Unibertsitate masterrean eta Sistema Txertatuen Ingeniaritza masterrean eskainiko dute titulazio duala.
Bestalde, Deustuko Unibertsitatean Lan harremanetako graduan eskainiko dute, hamar ikasleri.
Orain arte irakatsitako titulazioak dira horiek guztiak. Unibasqek titulaziok dual moduan ezartzeko beharrizanak aztertu ondoren, unibertsitateek modalitate horretan eskaini nahi zituzten titulazioak aztertzeko prozesua abian jarri zuen.
Eskari guztiak aztertu ostean, "hezkuntza dual zigilua" 22titulaziori eman die. Era berean, Unibasq beste 6 titulazio aztertzen ari da, baten bat kanpoan gelditu baita, Ferreirak azaldu duenez.
Hezkuntza dualak enpresak ordaindutako gutxieneko praktiketarako epeak ezartzen ditu. Graduen kasuan, epe hori gutxienez urtebetekoa izango da; eta masterren kasuan, berriz, lauhilabetekoa. Ikasleek, gainera, tutore bat izango dute enpresan.
Sailburuaren hitzetan, helburu bikoitza dauka hezkuntza dualak: alde batetik, ezagutza sortzea eta transferitzea eta, horretarako, bikaintasun zientifikoa eta enpresa eremuko aplikazioa lortzea; eta bestetik, gaitasun handiak eta enpresa eremuaren beharrei aplikatutako eta egokitutako osagaia dituen giza kapitala sortzea.