Gizartea -
Unibasq
Prestakuntza dualeko lehen hamar graduak martxan izango dira 2018-19 ikasturtean
Gradu bat prestakuntza dualekoa izateko, ikasleek heziketaren % 25 enpresaren batean jaso beharko dute, masterren kasuan % 40.
Agentziak | Erredakzioa
Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak (Unibasq) aintzat hartuko dituen prestakuntza dualeko lehen hamar graduak 2018-2019 ikasturtean sartuko dira indarrean.
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, Eva Ferreira Unibasqeko zuzendariak eta Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeak prentsaurrekoa eman dute gaur, Gasteizen.
Prestakuntza dualeko egiaztapen sistema (aitzindaria Estatuan) aurkeztu du gaur Unibasqek. Horrela, unibertsitateek bete beharreko baldintzak azaldu dituzte.
Gradu bat prestakuntza dualekoa izateko, ikasleek heziketaren % 25 enpresaren batean jaso beharko dute, masterren kasuan % 40. Gainera, gradu bukaerako lana eta masterra enpresarekin elkarlanean egin behar dute ikasleek.
Hezkuntza akademikoa eta lana enpresetan
Azken finean, hezkuntza akademikoa eta enpresetan lana “bateratzen” dituzten tituluak dira. Gainera, konpainiek ikasketa planean, irakaskuntzan eta ikasleen praktiketan parte hartu behar dute.
Titulazioa ikasketa duala bezala aintzat hartzea nahi duten unibertsitateek abendura arte dute eskaerak aurkezteko.
Aurreneko ziurtagiriak datorren urteko hasieran banatuko dituzte. Horrela, egiaztagiria lortzen duten titulazioak 2018-2019 ikasturtean sartuko dira indarrean.
Sailburuak azaldu duenez, datorren ikasturtean hamar bat titulazio dual izatea espero dute.