Gizartea -
DONOSTIA
20 hilabeteko zigorra, lagun baten izenean interneten sexu harremanak eskaintzeagatik
Aldeak adostasun batera iritsi dira eta auzipetuak onartu egin du jazarpen delituagatik eta osotasun moralerako eskubidea urratzeagatik ezarritako kondena.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gizonezko bat epaitu dute gaur Donostian, interneten eskegitako iragarkien bitartez, lagun baten izenean sexu harremanak eskaintzeagatik. Akusatuak 20 hilabeteko kartzela zigorra onartu du. Horrez gain, tratamendu psikologikoa jarraitu beharko du sei hilabetez.
Aldeak adostasun batera iritsi dira eta auzipetuak onartu egin du jazarpen delituagatik eta osotasun moralerako eskubidea urratzeagatik ezarritako kondena. Akordioaren aurretik, fiskalak lau urteko kartzela eskaera egin zuen eta akusazio partikularrak, ostera, hamar urte eta hamar hilabetekoa.
Akusatuak 20.000 euro ordaindu ditu biktimari eragindako kalte moralengatik, eta aringarri hori aintzat hartu dute zigor eskaera jaisterakoan. Halaber, prozeduraren hasieran 654 euro bahitu zizkioten.
Bestalde, gizonak sei hilabetez tratamendu psikologikoa jarraitzeko konpromisoa hartu du, harik eta medikuak sendagiria ematen dion arte. Epaitutako gertaerak 2014 eta 2016 artean gertatu ziren.
Gizonak egozten zitzaizkion egitateak onartu ditu, besteak beste, bere lagunaren izenean interneten ehun iragarri inguru argitaratu izana sexu harremanak eskainiz.
Halaber, auzipetuak modu anonimoan emakumeari deitu zion eta mezuak bidali zizkion. Emakumeak Facebookeko bere profilean partekatutako argazkiekin kartelak egin eta Donostiako eta Irungo kaleetan jarri zituen, datu pertsonalak gehituz. 2015eko abenduan emakumearen bikotekidearen argazki bat jarri zuen haren furgonetan, buruan adarrak zituela. 2015 urtearen amaieran, ostera, emakumearen etxebizitzatik gertu pintaketa bat egin zuen sexu harremanak doan eskainiz.