Gizartea -

Nafarroa

Sute batek etxebizitza bat kiskali du Izurdiagan

52 urteko emakume bat artatu behar izan dute osasun zerbitzuek kea arnastu ondoren.

Su hartu duen etxebizitza Izurdiagako (Nafarroa) San Juan kalean. Argazkia: Nafarroako suhiltzaileak
Su hartu duen etxebizitza Izurdiagako (Nafarroa) San Juan kalean. Argazkia: Nafarroako suhiltzaileak
Su hartu duen etxebizitza Izurdiagako (Nafarroa) San Juan kalean. Argazkia: Nafarroako suhiltzaileak

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sute batek etxebizitza bat kiskali du Izurdiagan (Nafarroa). 52 urteko emakume bat artatu behar izan dute osasun zerbitzuek kea arnastu ondoren.

“Etxean altzari eta objektu ugari pilaturik” zeuden eta suhiltzaileen lana oztopatu du horrek, Nafarroako Gobernuak agiri batean azaldu duenez.

15:10 aldera abisua jaso dute Nafarroako larrialdi zerbitzuek, San Juan kaleko etxebizitza bat sutan zegoela jakinaraziz.

Cordovillako suhiltzaileak bertaratu dira. Ponpa-kamioi bat eta eskailera ibilgailu bat eraman dituzte. Anbulantzia bat eta Foruzaingoko patruilak ere bidali dituzte, zonaldea sokaz inguratzeko eta trafikoa arautzeko.

Suhiltzaileak heldu direnerako suak beheko solairua hartuta zuen. Hala ere, barrura sartzea lortu dute, baina objektu eta altzairu mordoa aurkitu dute, eta horrek goiko solairura igotzea eragotzi die.

Lana segurtasunez egitea ezinezkoa zela ikusita, suari kanpoaldetik bakarrik eraso egitea erabaki du operazioaren arduradunak.

Sugarrek eta tenperatura altuek lehen solairuko altzairu eta tresna guztiak kiskali dituzte. Suak teilatuari ere eragin dio, eta zatiak erori dira, baina egurrezko egitura ez da kolapsatu.

Suak inguruko etxeei ez eragitea lortu dute suhiltzaileek, nahiz eta oso gertu egon.

Antza denez, maizterraren txakurra hil da sutean. Talde medikoak emakumea artatu du tokian bertan; izan ere, osasun zentro batera eramaterik ez du nahi izan.

18:30 aldera suhiltzaileak ordezkatu ditu Cordovillako beste talde batek. Sua itzaltzeko lanean jarraitzen dute, hondakinak kentzen hasi baino lehen. Foruzaingoa gertatutakoa ikertzen ari da.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Suteak Gizartea Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Etxebizitza