Gizartea -
Gertaera
Gizonezko bat atxilotu dute Bilbon, ustez 200 adinekori iruzur egiteagatik
Liburuak eta etxeko produktuak euren balioaren gainetik saltzen zituen sare baten parte ote den ikertzen ari da Ertzaintza.
Agentziak | Erredakzioa
Ertzaintzak 42 urteko gizonezko bat atxilotu du Bilbon, Euskadin eta beste autonomia erkidego batzuetan ustez 200 adinekori iruzur egiteagatik artikuluak eta liburuak erosteko. Jarduera honegatik 700.000 euro lortu ahal izan ditu atxilotuak, Segurtasun Sailak ostiral honetan jakitera eman duenez.
Lliburuak eta etxeko produktuak euren balioaren gainetik bizilekutara saltzen zituen antolatutako sare baten parte ote den ikertzen ari da Ertzaintza. Orokorrean 70 urte baino gehiagoko pertsonak engainatzen zituen.
Jokatzeko modu berarekin azken urte honetan jasotako bost salaketa ikertzen ari zen Ertzaintza, beraz, Iruzurren Taldeko agenteak harremanetan jarri ziren kalteak jasan zituzten pertsonekin, eta emakume batek ustezko iruzurgilearen bisita izan behar zuela jakin zuten. Aurreko eragiketa baten ustezko zorra eskudirutan ordaintzeko eskatu behar zion hark.
Agenteek hilaren 17an atxilotu zuten pertsona susmagarria, bilera hartara zihoanean, Bilboko auzo bateko etxebizitzan.
Atxilotua Toledotik zetorren, furgoneta batean. Liburu kaxak eta 4.000 euro eskudirutan zeuden bertan.
Jarduteko modua
Ertzaintzak uste du hainbat talde izan daitezkeela aldizka jarduten dutenak. Halaber "nolabaiteko koordinazioarekin" egiten dutela esan du, "delitua egiteko orduan, besteak beste, biktimei buruzko informazioa partekatzean".
Bakarrik bizi diren adineko pertsonak etxetan bisitatzen hasten dira, aldez aurretik haien inguru familiarra aztertu ostean.
Haien konfiantza lortu ostean, hainbat artikulu eskaintzen dizkiete, bestek beste, liburuak edo osasun produktuak, eta salmenta oldarkorrak gauzatzen dituzte, "indarkeriara iristen direnak", iturrien arabera.
Modu horretan iruzurgileek formularioa zuriz sinatzea lortzen dute, eta, gero, komertzialak betetzen du, finantziazioa onartzeko beharrezko datuekin. Hainbat urtez luzatu daitezkeen aldizkako ordainketen konpromisoei lotuta daude operazio horiek kredituzko erakundeekin. Transferentzia bidezko ordainketa kasuak ere izan dira.
Ertzainzak azaldu duenez, kasu batean, 30 euroko erloju bat eta 130eko liburu-bilduma bat 1.400 eta 4.000 eurogatik saldu edo finantzatu ziren.