Gizartea -

Epaiketa

Daniel Fernandez GALeko kide ohiak ukatu egin du jihadista izatea

Era berean, Segovian autobus batean immolatuta atentaturik egiteko asmorik ez zuela ziurtatu du gaur, Auzitegi Nazionalean haren aurka hasitako epaiketaren lehen saioan.

Daniel Fernandez. EFE
Daniel Fernandez. EFE
Daniel Fernandez. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Daniel Fernandez Aceña GALeko kide ohiak ukatu egin du jihadista izatea, haren aurka Auzitegi Nazionalean abiatutako epaiketan. Horrez gain, Segovian autobus batean immolatuta atentaturik egiteko asmorik ez zuela ziurtatu du, gaurko saioan hitz egin duten guardia zibilek eta lekukoek esan dutena ukatuz.

Fiskalak 10 urteko kartzela-zigorra eskatu du Daniel Fernandez Aceñarentzat, doktrinamendua eta terrorismoa goraipatzeko delitua leporatuta.

2016ko abenduaren 12an Segovian atxilotu zutenean, Fernandez Aceña edozein momentutan atentatu bat egiteko gai zen "otso bakarti" arriskutsua zela argudiatu zuen Guardia Zibilak orduan. 1985ean Jean-Pierre Leiva tren-langilea hiltzeagatik 29 urteko zigorra ezarri zioten Fernandezi.

Ondoren, emazte ohiak tratu txarrak emateagatik salatu zuen, eta berriz espetxeratu zuten horregatik. 2013ko apirilean atera zen. Handik Segoviara joan zen, eta orain preso dago jihadismo delituagatik.

Fernandez Aceñaren emazte ohiak epaitegian azaldu duenez, "senarraren jarrera eta ideiak aldatu egin ziren" banandu baino apur bat lehenago. Atentatu terroristak gertatzen zirenean (New Yorkeko dorre bikienak, adibidez), poztu egiten zen.

Akusatuak, berriz, emazteari "adarra jo" ziola esan du eta "xelebre" samarra dela. Ondoren gaineratu duenez, "ez nuen immolatzeko inolako asmorik, tontakeria iruditzen zait, uler dezaket jende horrek pentsamolde hori izatea, baina hori ez dator bat nire izateko moduarekin. Nik beldurra diot heriotzari eta sufritzeari. Ez dut hil nahi, eta are gutxiago, beste batzuei min emanda”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Epaiketak bideoak Gizartea Albisteak