Gizartea -

'11 egun euskaraz'

Bilbok Euskaraldia ekimenarekin bat egin du

Hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabilera bultzatzea helburu duen ekimena azaroaren 23tik abendura 3ra bitartean egingo da.

Euskaraldia ekimenaren aurkezpena Bilbon. Argazkia: EiTB
Euskaraldia ekimenaren aurkezpena Bilbon. Argazkia: EiTB
Euskaraldia ekimenaren aurkezpena Bilbon. Argazkia: EiTB

ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Mari Aburto, Bilboko alkateak, Bilboko euskaltzaleen mugimenduak eta hainbat entitatetako ordezkariek agerraldia egin dute Pergolan, bilbotarrei Euskaraldian parte hartzeko deia eginez, Udalak ohar bidez jakitera eman duenez.

Hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabilera bultzatzea helburu duen ekimena antolatzeko Bilbon hainbat batzorde eta lan talde martxan daudela azaldu dute bozeramaleek. Euskal Herri osoan egingo den ariketan Bilbo ere buru-belarri murgilduko dela azpimarratu dute.

Juan Mari Aburto alkateak eta Irati Erkizia Euskaraldiko Bilboko talde eragileko kideak hartu dute hitza agerraldian, eta beraiekin batera, Igor Velez Otxarkoagako Euskaraldiko batzordekidea eta Sara Muñigozguren Deustuko Unibertsitateko Eleaniztasun zuzendaria ere izan dira.

Euskaraldia azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean egingo da Euskal Herriko 300 herri eta hiri baino gehiagotan, tartean Bilbon. '11 egun euskaraz' lelopean antolatzen ari den ariketan, "ahobizi" eta "belarriprest" rolak jokatuko dituzte parte hartzaileek.

Horrela, "ahobiziek" 11 egun horietan euskara ulertzeko gai diren guztiei euskaraz zuzentzeko konpromisoa hartuko dute, eta "belarriprestek" euskaldun guztiei adieraziko diete beraiei euskaraz hitz egiteko.

Ariketa honen aurrekariak hainbat herritan antolatu izan dira azken bi urteotan (Deustun, adibidez, 2017an egin zuten), baina udazkenen honetan Euskal Herri osoan eta aldi berean egingo da.

Juan Mari Aburto alkateak "euskararen erabileraren bultzadan Bilbok izan behar duen berebiziko rola aldarrikatu" du bere hitzartzean, eta "herritar guztien konpromisoa" eskatu du "Bilbo euskara erabiltzeko gero eta leku egokiagoa izan dadin".

"Euskaraldia, ildo horretatik, dugun konpromiso argi-argia da", erantsi du. Herritar guztiak "egunero euskaraz gehiago egiteko" animatu ditu, "denon artean, Bilbo gero eta euskaldunagoa izatea lor dezakegulako".

Euskara hitz egin edo ulertzeko gai diren bilbotar guztiak Euskaraldian parte hartzeko deia eginez amaitu da agerraldia. Izan ere, Bilboko Euskaraldiko antolatzaileen hitzetan "asko gara hizkuntza-ohiturak astindu eta euskara gehiagotan erabili nahi dugunok, eta azaroaren 23tik abenduren 3ra kalera aterako gara Bilbo uste baino askoz euskaldunagoa dela erakusteko, elkarrekin lotsak eta aurreiritziak astindu eta ohiturak aldatzea errazagoa delako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Euskaraz Bilbo Gizartea Albisteak Euskaraldia albisteak