Gizartea -
Drogaren kontrako operazioa
Bi lagun atxilotu eta 2.712 kokaina dosi atzeman dituzte Beran
32 eta 35 urte arteko lleidarrak izan dira atxilotuak eta, ustez, droga banatzeko lanak egiten zituzten.
Erredakzioa
Lleidako bi bizilagun atxilotu ditu Guardia Zibilak Beran (Nafarroa) egindako drogaren aurkako operazio baten ondorioz. Gainera, 2.712 kokaina ''dosi'' atzeman dituzte eta "inguruan droga sartzeko hornitzaile-iturri garrantzitsu" bat desegitea lortu dute.
Atxilotuei drogarekin trafikatzeagatik Osasun Publikoaren kontrako delitu bat egotzi diete eta, horrez gain, bietako bati agiri publikoak faltsutzea ere leporatu diote, soinean agiri faltsuak baitzeramatzan.
Atxilotuak S.B.C.G. eta K.A.C.G. dira, 35 eta 32 urtekoak urrenez-urren, eta biak Lleidako bizilagunak. Hainbat auzokok drogarekin trafikatzen ari ziren susmoa zutela salatu ostean (droga kontsumoak ere gora egin zuen) abiatu zituzten ikerketak.
Aipatu ikerketei esker, agenteek jakin izan zuten gasolindegietako autoen trafikoa aprobetxatuta, drogak trukatzen zituztela eta horrela susmo txarrik ez zutela pizten, lehengo iturrien arabera.