Gizartea -
Hondakinen kudeaketa
Bilboko Udalak 'Platinozko Erratza' saria jaso du gaikako hondakinen bilketagatik
Bilboko Udalaren garbiketa-kudeaketa saritu dute Madrilgo Ingurumen eta Hirigintzako Nazioarteko Ferian, materia organikoaren gaikako bilketa sistemagatik.
agentziak | erredakzioa
Bilboko Udalak '2018ko Platinozko Erratza' saria jaso du, kaleko garbiketa zerbitzu eta hondakin bilketagatik. Bilboko Udalaren garbiketa-kudeaketa Madrilgo Ingurumen eta Hirigintzako Nazioarteko Ferian saritu dute.
Udalak zabaldu duenez, saria Ricardo Barkala Obra, Zerbitzu, Hiri Eraberritze eta Espazio Publikoaren Saileko zinegotziak jaso du Ingurumen eta Hondakinen Kudeaketarako Elkarte Teknikoak antolatutako ekitaldian.
Besteak beste, "materia organikoaren gaikako bilketa hiri osora zabaltzea" izan da epaimahaiak saria emateko kontuan hartu duen elementuetako bat.
Bilboko Udalak hiri guztian jarri ditu hondakin organikoak jasotzeko edukiontzi bereziak, txartel elektroniko batez zabaltzeko sistema dutenak. "Kudeaketa eta erabiltzaileei ematen zaien arreta hobeak izango dira sistema berriaz eta bereizita jasotzen diren hondakinen portzentajea handiagoa izatea ahalbidetuko du", dio Udalak.
'Platinozko Erratza' Ingurumen eta Hondakinen Kudeaketarako Elkarte Teknikoak ematen duen sari nagusiena da. Golardoa hondakinen kudeaketan udal, mankomunitate, kabildo, autonomia erkidego, enpresa, ingeniaritza eta aholkularitza zerbitzuei zuzenduta dago, beti ere hondakinen kudeaketarekin eta hiriaren garbiketarekin zerikusia dutenei.
Bilbon garbiketaren eta hondakinen kudeaketaren zerbitzuari eusteko eta zerbitzua hobetzeko kontratua 6 urterako esleitu zenetik sei hilabete iragan ostean eman diote saria Bilbori.