Gizartea -

Hezkuntza

D ereduko ikasleek ez dute hizkuntza froga ariketarik egin beharko

Isabel Celaa sailburuak zehaztu du hainbat arlotan (Lan Eskaintza Publikoetan kasu) ikasle horiek ez dutela egin beharko euskara menperatzen dutela frogatzeko ariketarik.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Isabel Celaa Hezkuntza sailburuak jakinarazi du D ereduan ikasten dutenek ez dutela titulu homologaturik jasoko zuzenean. Hala ere, hainbat arlotan (Lan Eskaintza Publikoetan kasu) ikasle horiek ez dute euskara menperatzen dutela frogatzeko ariketarik egin beharko.

Celaak Blanca Urgell Kultura sailburuarekin egin du agerraldia Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean EAk hala eskatuta. Ikasketak euskaraz egin dituztenei hizkuntzaren ezagutza maila baloratzeko homologazioaren inguruan azalpenak eman ditu, Urgellek azaroan neurriaren berri eman ostean.

Gaurko agerraldian, Celaak esan du euskaraz ikasi dutenei (oraindik zehazteko dago B ereduko ikasleen kasua eta euskara jakiteagatik unibertsitatean emango duten kreditu kopurua) ez dietela titulu jakinik emango.

Horren ordez, euskararen ezagutza mailak (graduka sailkatuko dira, ikaslearen ikasketa mailaren arabera) beste era batera baloratuko dira. Arlo jakin batzuetan hizkuntzaren ezagutzari buruz egiten diren frogak kenduko dizkiete batzuei, sektore publikoan postu bat lortzeko azterketetan adibidez.

Sektore pribatuari dagokionez, bide berbera jarraitzeko aukera dute, baina ez dira behartuta izango, beraz, nahi duten titulua eskatzen jarraitu ahal izango dute.

Baldintzak

Oraindik ez dute erabaki zeintzuk izango diren ikasleek bete beharko dituzten baldintza zehatzak. D ereduan ikasten dutenak eta unibertsitateko karrera erabat euskaraz egiten dutenak behintzat, sartuko dituzte neurriaren onuradun gisa.

Baina oraindik ikusteke dago B ereduko ikasleak eta unibertsitateko eskola batzuk euskaraz eta beste batzuk gazteleraz egiten dituztenak sartuko ote dituzten.

2011ko azkeneko hiruhilekoan onartu nahi duten dekretua atzeraeraginezkoa izango den ere zehazteko dago.

Mailak

Unibertsitateko ikasleen kasuan, titulua jaso dutenek ez dute C1 mailako (EGA, irakaskuntzako PL2 edo Administrazio orokorreko PL3) euskara titulurik aurkeztu beharko

Batxilergoa egin dutenen kasuan, B2 mailaren pareko tituluen (Hezkuntzako PL1 eta Administrazio orokorreko PL2) onurak jasoko dituzte ikasleek. Azkenik, bigarren mailako hezkuntza euskaraz egin dutenek B1 mailaren pareko tituludunen (PL1 Administrazio orokorrean) trataera jasoko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea