Gizartea -
Sutea
Suhiltzaileek erabat itzali dute Ondarroako Ortiz kontserba fabrikako sua
Suteak kiskali egin du eraikina, baina oraingoz ezin izan dituzte kalte materialak kalkulatu, horren egitura aztertu behar baitute.
Agentziak | Erredakzioa
Suhiltzaileek erabat itzali dute atzo (astelehena) gauean Ondarroako Ortiz kontserba fabrikan piztutako sute handia. Suhiltzaileek goizean zehar utziko dute eraikina, teilatuko hondakinak kendu eta eraikinaren inguruan hesia jarri ostean.
21:00ak aldera piztu zen sua, Ortiz kontserba enpresak Ondarroako San Ignazio kalean duen baina hutsik dagoen eraikin batean. Suhiltzaileek ikerketa abiatu dute sutearen nola piztu zen argitzeko, eta eraikina kiskalita gelditu da. Halere, oraingoz ez dituzte kalte materialak kalkulatu, horren egitura aztertu behar baitute.
Sutearen ondorioz, 40 familia irtenarazi zituzten eraikinaren ondoko lau etxetatik eta herriko kiroldegira eraman zituzten, goizaldean, ordu bata eta laurden aldera, etxera itzultzeko baimena jaso arte, kea desagertu eta erre den fabrikaren ondoko eraikinek ez zutela kalterik baieztatu ondoren.
Sugarrek teilatuan eragin dituzte kalte handienak, baina eraikin osoan izan dira kalteak.
Sutea Ondarroan (Bizkaia). Argazkia: Bizkaiko Suhiltzaileak.