Gizartea -
Saria
Donostia, Eibar eta Ermua, 'Zientziaren Hiriak' izateko hautagaiak
Golardoak hiru urteko iraupena du eta hitzaldiak eta bilera zientifikoak udalerri horietan antolatzeko konpromisoa hartzen du Ministerioak.
Erredakzioa
Donostia, Eibar eta Ermua dira ''Zientziaren Hiriak'' izateko EAEko hautagaiak, iragarri du Cristina Garmendia Zientzia eta Berrikuntza ministroak. Guztira 30 udalerri aukeratu ditu bere Ministerioak.
Materialen Fisikaren Zentroaren egoitzaren inaugurazioan izan da Garmendia. Lehen aldiz ematen diren golardo horien berri eman du Donostian ministroak, eta biztanle kopuruaren arabera hiru kategoria daudela azaldu du. Hain zuzen, 20.000tik beherakoak, 20.001 eta 100.000 artekoa eta 100.000tik gorakoak.
Golardoak hiru urteko iraupena du eta horiek berriztatzeko, hiriek epe horretan egindako ekimenak aintzat hartzen dira. Ikerkuntza, garapen eta berrikuntza arloko politikei dagokionez, onura bereziak dituzte hiru urtez.
Garmendiaren hitzetan, Ministerioak Zientzia eta Berrikuntza alorreko ekimen guztiak herri horietan antolatzeko konpromisoa hartuko du; hitzaldiak eta bilera zientifikoak, besteak beste.
2011ko hasieran banatuko dituzte golardoak, Madrilen.